15 eta 17 urtez azpiko halterofiliako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute bihar

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 20a

ZKE Halterofiliako kirolari bat lehian. (ZKE Halterofilia)

Aritzabatalde pilotalekuan izango da, eta teknika mailako gazteen lehiaketarekin hasiko da jardunaldia, 14:30ean. Guztira, 40 kirolari inguruk hartuko dute parte. 

Halterofiliako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute bihar arratsaldean Aritzabatalde frontoian, teknika mailan eta 15 zein 17 urtez azpiko kategorietan. Lehiaketa ZKE Halterofiliak antolatuko du, eta herrialdeko halterofilo onenak elkartuko ditu. Guztira, 40 kirolari inguruk hartuko dute parte jardunaldian, eta horietatik hemeretzi izango dira zarauztarrak.

Txapelketa hiru zatitan egongo da banatuta. Lehenik eta behin, teknika mailako gazteen txanda jokatuko da, 14:30etik aurrera. Ondoren, 16:00etan hasita, 15 eta 17 urtez azpiko mutilen lehiaketa izango da, eta azkenik, 17:45ean, 15 eta 17 urtez azpiko nesken txanda.

Biharko txapelketak garrantzia berezia izango du, bertan lortutako emaitzen arabera osatuko delako Gipuzkoako selekzioko taldea. Selekzio horrek apirilaren 18an Zarautzen bertanj okatuko den Euskadiko Txapelketan hartuko du parte, asteburu honetako maila berberetan: teknikan eta 15 zein 17 urtez azpiko kategorietan, alegia.

ZKE Halterofiliak adierazierazi du txapelketa aukera paregabea dela halterofilo gazteen etorkizuna gertutik ezagutzeko. Era berean, herritarrak gonbidatu dituzte Aritzbataldera hurbil daitezen, parte hartzaileei babesa ematera eta animatzera. Sarrera doakoa izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide