Zarauzko hondartzan eta haren inguruan –Narros eta Munoa inguruan– itsasoaren eta olatuen maila igotzeari lotutako klima aldaketaren ondorioz arintzeko egin beharreko obrak lehiaketa atera ditu Zarauzko Udalak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.551.869,27 eurokoa da (1.282.536,59 euro gehi 269.332,68 euro BEZ), eta obrak egiteko zortzi hilabeteko epea izango du enpresa esleituak. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 30a bitartean dago zabalik, hileko azken astelehenera arte.
Duela urtebete pasatxo Eusko Jaurlaritzako eta Zarauzko Udaleko ordezkariek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu zuten. Aurreproiektu hartatik egikaritze proiektura hainbat aldaketa eta moldaketa egin dituzte, parte hartze saio irekiak eta ostalariekin izandako bilerak tarteko. Zehazki, honako hauek dira aurreikusitako jarduera nagusiak, lizitazio dokumentuak jasotzen dituenak: Munoa plazako hegala eraistea; Munoa plazatik hondartzaraino sartzeko eskailerak eraistea; hondartzarako lehen sarbidea eraistea, bai eskailerak bai arrapala; pasealekuaren barruan sartzeko arrapala berri bat egitea, hondartzaren azalerari eragin gabe; pasealekuaren maila igotzea; eta mikropilotez ainguratutako botaola horma eta blokeen exekuzioa.
Olatuetatik babesteko
Duela urtebete aurreikusi bezala, pasealekua olatuetatik babesteko hormigoizko botaola-horma bat eraikiko dute Marina Txiki kafetegiaren aurrealdean. Gutxi gorabehera 40 metro luzeko horma izango da eta altzairu korrugatuarekin pixka bat armatuta egingo da, mikropilote-sistema baten gainean bermatuta, eta hormigoi armatuzko blokeak ere ezarriko dituzte, elementu iragazkor gisa jarduten dutenak, botaola gainditzen duen ura ebakuatzeko aukera emanez. Beraz, mikropiloteen gainean botaola-horma eta hormigoizko blokeak egin eta askatuko dituzte, pasealekuan erabat ainguratuta utziz.
Botaola-hormaren diseinuan pasealekutik bertatik ikuspena maximizatzea bilatu dute, betiere ezarritako gainditze mugen barruan, eta, aldi berean, azpiegituraren funtzionaltasuna eta segurtasuna bermatuz.
Obrak egin bitartean, malekoiko eta sarbideko hiri-altzariak desmuntatuko dituzte, inguruko paramentuak eta zoladurak berreskuratzeko eta babesteko. Era berean, Munoa plazaren iparraldeko ertzean dagoen hormigoizko balaustrada aurrefabrikatua eskuz kenduko dute, ondoren muntatzeko, eta plaza horretako hormigoi armatuzko hegala eraitsiko dute. Halaber, lehendik dagoen lehen sarbidea osorik eraistea aurreikusten dute.
Jarduketa eremuaren eta Zarauzko hondartzaren hasierako eta amaierako jasotze topografikoa ere egingo dute, pasealekuaren mugatik itsasbehera lerroraino. Bestalde, Marina-Txiki tabernako leihoak eta kanpoko saretak altxatzea aurreikusten du lizitazio dokumentuak, pasealekurako proiektatutako kota altxatu berriarekin bat etor dadin, akaberak desmuntatu, lekualdatu eta birjartzeko beharrezko eragiketa osagarriekin, hain zuzen ere.