Bihar amaituko da Zarauzko II. Pilota Txapelketa, ZKE Eskupilotak antolatuta. Final handiak jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan, 17:00etatik aurrera, eta jubenilen zein seniorren partida bana ikusi ahal izango da bertan.
Alde batetik, jubeniletan, Etxabek eta Ancizarrek osatutako bikoteak Bidezabalen eta Etxeberriaren aurka jokatuko dute. Seniorretan, berriz, Egurrolak eta Okiñenak Beitiaren eta Segurolaren aurka ariko dira.
Txapelketaren bigarren aldia "arrakastatsua" izaten ari da, antolatzaileen hitzetan. Kontatu dutenez, jende asko bertaratu da pilotalekura aurreko faseetako partidak ikustera, eta Youtube kanalean emandako zuzenekoek ere ikusle ugari izan dituzte. Bide batez, azken partida hauek ere Youtube bitartez emango dituztela gogorarazi dute. ZKE Eskupilotak "jende asko" espero du bihar harmailetan, baina, hala eta guztiz ere, herritarrei dei egin die frontoira joan daitezen, "maila bikaineko norgehiagokak ikusteko aukera izango baitute".