Emaitza bikainak eskuratu dituzte pasa den asteburuan Judo Klub Lizardiko kirolariek: guztira, zazpi domina eta bi bosgarren postu lortu zituzten kadete mailako Gipuzkoako Judo Txapelketan. Urnietan (Gipuzkoa) jokatu zuten, igandean.
Guztira, Lizardiko hamar judoka izan ziren bertan. Emakumezkoetan, Itxaso Manzanasek txapeldun izan zen 44 kilo azpiko kategorian, jardunaldi bikaina eginda. Urrezko domina lortu zuen, baita ere, Johana Floresek, 57 kilo azpiko kategorian. Kategoria berean, bere taldekide Irati Aramendi bosgarren sailkatu zen, brontzezko dominaren borrokan galdu ondoren. 70 azpiko kategorian, berriz, Isabela Avilak eta Will Pazosek brontzezko domina bana eskuratu zuten, tatamian determinazio handia erakutsiz. Horrez gain, Maider Ojedak zilarrezko domina lortu zuen 70 kilo azpiko kategorian.
Gizonezkoen kategorian, Ekai Lazkanok bosgarren postua eskuratu zuen, 50 kilo azpiko kategorian, eta Iñigo Osak jardunaldi ona egin zuen 73 kilo azpikoan. Protagonista nagusia Martxel Eizaguirre izan zen: 81 kilo azpiko kategorian lehiatu zen, eta borrokaldia nagusitasunez irabazi zuen, urrea eskuratuz. Era berean, Iñaki Goenagak zilarrezko domina lortu zuen 90 kilo azpikoetan, klubarentzat beste emaitza garrantzitsu bat gehituz.
Zazpi dominadunek eta bosgarren postua lortutako Irati Aramendik Euskadiko Txapelketarako sailkapena ere lortu zuten igandeko emaitzei esker. Txapelketa hori martxoaren 28an jokatuko dute, Oiartzungo (Gipuzkoa) udal kiroldegian. Emaitza bikain horien ondoren, Judo Klub Lizarik "ilusioz eta anbizioz" egingo dio aurre hurrengo hitzorduari.