Erabakita daude igande honetan Zarauzko II. Pilota Txapelketako finalean izango diren bikoteak: atzo jokatutako finalerdietan Etxabe-Ancizar eta Egurrola-Okiñena bikoteak nagusitu ziren, eta finalerako azken txartelak eskuratu zituzten.
Atzo jokatu zituzten bigarren finalerdiak Aritzbatalde pilotalekuan. Bertan, jubeniletan, Etxabek eta Ancizarrek 22-18 irabazi zieten Otaegiri eta Galarragari. Seniorren partidan, Egurrolak eta Okiñenak Ibarra eta Galartza hartu zituzten mendean, 22-17ko markagailuarekin.
Hori horrela, atzoko bikote irabazleek lehenengo finalerdietako irabazleak izango dituzte aurrez aurre. Hau da, jubeniletan, Etxabek eta Ancizarrek osatutako bikoteak Bidezabalen eta Etxeberriaren aurka jokatuko dute. Seniorretan, berriz, Egurrolak eta Okiñenak Beitiaren eta Segurolaren aurka ariko dira.
Finalak igande honetan, hilaren 22an, izango dira, Aritzbatalde kiroldegian, 17:00etan hasita. Partidak bertatik bertara ikusi nahi dituztenek doan sartu ahal izango dute pilotalekura, baina etxetik ikusteko aukera ere egongo da: izan ere, partidak zuzenean emango dituzte Youtuben, ZKE Eskupilota kanalean.