Otsailean zehar janaria biltzen ibili zen Saharautz, eta jasotako elikagai guztiak dagoeneko Sahara bidean dira. Asteburuan abiatu dira kamioiak Donostiatik saharar errefuxiatu kanpalekuetara, guztira 110 tona elikagai bilduta.
Horren aurrean, Saharautz elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bilketan bere aletxoa jarri duten herritar guztiei, baita kanpaina hau posible egin duten erakundeei ere. Elkartearen hitzetan, 110 tona elikagai biltzeak herritarrek duten "konpromisoak bizirik" jarraitzen duela erakusten du. Dena dela, Saharako herriak "denbora luzeegiz bizi duen egoera larria" ere salatu nahi dute. "Hamarkadak daramatzate errefuxiatu kanpalekuetan, nazioarteko komunitatearen konponbide politiko baten zain. Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere ardura historikoa onar dezala eta behingoz aurpegia eman dezala gatazka honen aurrean, nazioarteko zuzenbidea eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz", gehitu du elkarteak.