Allepunta taldeak irabazi du Herriartekoaren Urola Kostako fasea

Erredakzioa 2026ko martxoaren 15a

Atzoko saioa. (Utzitakoa)

Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Kostako finala jokatu dute Orion. Alde batetik, Zarauzko Allepunta taldeko Julen Zulaika, Felix Zubia eta Hodei 
Iruretagoiena aritu dira kantuan; eta, bestetik, Getariako Arrai Nahastua taldeko Libe Goenaga, Danel Olano eta Amets Aizpurua. Lehen talde horrek irabazi du, eta, beraz, hurrengo fasera sailkatu da. 

Urola Kostako Herriarteko txapelketaren finala jokatu zuten atzo Orion, eta aitzakia aprobetxatuz, egun 
osoko egitaraua antolatu zuten. Goizeko 11:30ean elkartu ziren Orioko plazan, eta herrian zehar 
bertso-poteoa egin zuten tabernaz taberna. Bertan, finalera pasatu ez diren talde parte-hartzaileetako 
bertsolariek abestu zuten. Jende askok hartu zuen parte eta saio politak irten ziren. 14:00ak aldera Gure 
Etxea elkartera abiatu ziren, eta babarrun-jana egin zuten talde parte-hartzaileetako eta 
bertso-eskoletako kideekin 30 bat lagunek. 

Bazkalostean gaztetxera bideratu ziren, eta 18:30ean hasi zen finaleko bertso-saioa. Bertan 70 bat lagun 
bildu ziren Zarauzko Allepunta taldearen eta Getariako Arrai Nahastua taldearen arteko saioa 
entzuteko. Alde batetik, Zarauzko Allepunta taldeko Julen Zulaikak, Felix Zubiak eta Hodei 
Iruretagoienak parte hartu zuten. Bestetik, Getariako Arrai Nahastua taldeko Libe Goenagak, Danel Olanok eta Amets Aizpuruak.

Gai-jartzaile lanetan, berriz, Zarauzko Sendabelarrak taldeko Onintza Gartzia aritu zen, eta epaileak, 
berriz, hauek izan ziren: Allepunta taldeko Elisa Iztueta, Arrai Nahastua taldeko Nerea Kamio eta 
Sendabelarrak taldeko Unai Muniain. Saio bero eta ederraren ondoren, Allepunta izan zen talde 
irabazlea 15 punturekin. Zarauzko Allepunta izango da, beraz, Gipuzkoako Herriartekoan bigarren 
fasetik aurrera Urola Kosta ordezkatuko duen taldea. Hurrengo saioa Azpeitiko Zaharrak Berri 
taldearen aurka izango du, apirilaren 18an Azpeitiko San Agustinen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide