Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata bertan erabakitzearen alde eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea eskatzeko gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu du martxoaren 17rako. Egun horretarako, greba batzordeek mobilizazioak antolatu dituzte eskualdeko herrietan, eta guztiek dei egin diete herritarrei Donostian Pio XII.a plazatik 12:30ean irtenda egingo den manifestazioan parte hartzeko. Protesta horri lotuta, Urola Kostakoen zutabea Antigua auzoko tuneletik abiatuko da 11:30ean, Pio XII.era joateko.
Zarautzi dagokionez, asteartean, 09:00etan, kalejira deitu dute Lege Zaharren Enparantzatik hasita. Arratsalderako hitzordua ere jarri dute: manifestazioa egingo dute 18:30ean, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.
LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute datorren astearteko greba orokorra. Eguna antolatzeko, sindikatuetako ordezkariak nahiz eragileak greba batzordeetan bildu dira, eta hainbat ekintza eta protesta ekitaldi antolatu dituzte greba egunerako 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki lelo hartuta.
Greba deitu dutenen arabera, hamaika arrazoi daude herritarrek lanuztearekin bat egiteko. "Sistema kapitalista, patriarkal, ekozida eta arrazistak" mundua "hankaz gora" jarri du, besteak beste, "joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, eta pobrezian eta prekarietatean sakonduz". Sistemaren ondorioz "aberatsak are aberatsago" direla salatu dute, eta boterea geroz eta esku gutxiagotan dagoela. Gainera, sindikatuek adierazi dute "bazterrean" daudela langile klaseko sektore asko, eta horien aurka jo duela sistemak: "Sorterria utzi duten pertsona migratzaileak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala dutenak, gazteak, emakumeak edo sexu genero disidenteak kapitalaren ofentsibaren jopuntuan daude". Egoeraren gordinaz jabetuta, sindikatuek uste dute Euskal Herria ez dagoela errealitate horretatik salbu.
Grebaren jarraipena
Guka egunkaririk ez da argitaratuko asteartean, Urolako Komunikazio Taldeko hainbat langilek bat egingo dutelako greba deialdiarekin, baita egunkariaren banaketako nahiz inprentako beharginek ere. Hala ere, mobilizazio egunean Gukaren webguneetan grebaren jarraipena egingo da.