Zarauzko Udaleko Herrilan departamentuak Auzoz Auzo ekimena berrabiarazi du, eta dagoeneko lehendabiziko jarduketak egiten hasi dira aste honetan Ixpilla plazan. Programa honen bidez, Udal Brigadak, Lorezaintza zerbitzuak eta Kale Garbiketa zerbitzuak herriko auzoetan egin ditzakeen mantenu eta garbiketa beharrak aztertuko dituzte.
Auzoz Auzoren lan egiteko moduak herriko auzo desberdinek izan ditzazketen berezitasunetara "hobeto egokitzeko" aukera ematen diola udalari adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, "bertan egiten diren ohiko behar eta mantenu lanez gain, gehiago zehazteko".
Aipatu zerbitzuetako arduradunak eta udal langileak hilabete honetan bisitatu zuten Ixpila plaza, eta aste honetan abiarazi dituzte bertan aurrera eraman beharreko lanak. Besteak beste, udaleko garbiketa zerbitzuek euren hidrogarbitzailearekin garbiketa sakonagoak egingo dituzte, inguruko bankuak margotuz eta espaloien beheratzeak eginez.
Ixpillako lanak amaitutakoan, herriko gainontzeko auzoetan emango diote segida ekimenari gune bakoitzeko beharrak aztertzen eta dagokien erantzuna ematen.