Gaur arratsaldean emango dio hasiera Arkamurka natura elkarteak 28. Astronomia Asteari, eta larunbata bitartean, hiru hitzaldi eta gau behaketa antolatu ditu. Arkamurkako kide Ander Gonzalez de Txabarrik eskainiko du jardunaldietako lehen hitzaldia, Krisia? Zer krisi? izenburupean; saioa gaur izango da,19:00etan hasita, elkartearen egoitzan (Santa Marina kalea 2, 2.).
Hizlariaren esanetan, galdera bakar batek gaur egungo kosmologia "kolokan" jarri du, eta galdera hori ondorengoa da: zein azkar ari da unibertsoa zabaltzen? Lehen begiratuan neurketak "sinplea" dirudien arren, azken hamarkadetan galdera horrek zientzialarien artean buruhausteak eragin ditu, Gonzalez de Txabarriren hitzetan. Hitzaldian krisi horren jatorriari eta esanahiari buruz hitz egingo dute.
Astronomiaren Irakaskuntzarako Elkarteko lehendakari ohi Esteban Estebanek eta Ilatargi astronomia taldeko kide Josu Gonzalezek hitzaldi bana emango dute hurrengo bi egunetan, hurrenez hurren. Ohi bezala, gau behaketa ere egingo dute; hori larunbatean izango da.