Tratu txarren ostean, umorea aurrera jarraitzeko tresna

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 12a

'Bi baso bat ur' antzezlaneko aktore taldea emanaldi batean; eskuinetik lehena da Iraia Elias. (Mendi Urruzuno)

Bi baso bat ur antzezlana taularatuko du Metrokoadroka konpainiak bihar, 20:00etan, Zarauzko Modelo aretoan. Lau aktore igoko dira oholtza gainera, eta horien artean Iraia Elias zarauztarra dago. Sarrerak agortuta daude aspalditik.

Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak programari esker, zortzi antzezlan estreinatu berri dituzte aurten Euskal Herrian. Horietako bat Metrokoadroka konpainiaren Bi baso bat ur obra da, bihar arratsaldean Zarauzko Modelo aretoan ikusgai izango dena, 20:00etik aurrera. Tratu txarren osteko alaitasunari buruzko obra gisa definitu du konpainiak, eta proposamenak ikusmina sortu du. Modelon eskaini behar duten emanaldirako sarrerak, esaterako, aspaldi agortu ziren.

Aktoreen lantaldean Iraia Elias zarauztarra dago, Intza Alkainekin, Javier Barandiaranekin eta Marina Suarezekin batera. Testua eta dramaturgia Edurne Azkaratek, Oier Guillanek, Miren Azkaratek eta antzezlaneko kideek landu dituzte Galdakaon (Bizkaia) eginiko sormen egonaldian; eta obra Galdakaoko Torrezabal kultur etxean estreinatu zuten otsailaren 19an. Sormen prozesua "esperientzia oso ederra" izan dela nabarmendu du Iraia Eliasek, besteak beste, aurretik elkarrekin lan egin ez duten lau aktore batu direlako proiektu honetan eta gai delikatu bat lantzeko aukera izan dutelako.

"Tratu txarren osteko alaitasuna jorratu dugula esaten dugu, baina umoreak edo pozak aurrera jarraitzeko bide horretan nola eragiten duen izan da landu duguna. Beraz, gaiak badu bere pisua, eta erronka izan da hori nola landu banalizatu gabe; bere garrantzia emanez, baina, era berean, umoreari bere tokia eginez", zehaztu du zarauztarrak. Gainera, uste du publikoarengana iristen den obra bat dutela esku artean, "zerbait mugiarazten duena".

Emaitza orain ari dira ikusten, oholtzara eramaten hasi direnean: "Obra bat zeure munduan garatzen duzu, baina obra ez da bukatzen publikoa ikustera etortzen den arte. Orduan hartzen du zentzua, orduan bihurtzen da beste zerbait, eta une horretan gaude orain; jendearekin testatzen ari gara".

Mugitu ezinik

Lau pertsona dantzaleku baten erdian daude, eta bakoitzak baso bat ur izango du eskuan. Laurak guztiz geldirik daude, DJak inguruko jende guztia dantzan jartzen duen bitartean. Antzezlanak pertsona baten istorioa kontatuko du off ahots baten bidez, eta dantzalekuko lau lagun horiek pertsona horren zatiak bezala izango dira. Guztia, sakontasunez eta errespetuz kontatuta dago, baina modu alai batean.

Nolanahi ere, Bi baso bat ur antzezlanak ez du helburu sendatzailerik, Eliasen esanetan: "Obra hau ontzeko, elkarrizketak egin dituzte tratu txarrak jasan dituzten pertsonekin, eta, nolabait ere, haien bizipenak, pentsamenduak eta gauzak azaleratu nahi izan dira. Eta umorea beti izan da erreparazio tresna bat eta aurrera egiteko modua bizitzan".

Aktore bezala, halako zama emozionala duen obra bati heltzea ez dela erraza azaldu du Eliasek. Hasierako proposamenean, aktoreek bazutela beldur puntu bat aitortu du, baina sortze prozesuan eroso sentiarazi zituzten mekanismo bat bilatu zuten. "Metrokoadroka konpainiak lan egiteko modu bat du: aktoreok ere sortzaileak gara, eta oholtzan ikusiko diren eszena denak guk sortuak izan dira. Iristen zitzaizkigun mezuetatik abiatuta sortu ditugu eszenak, irudiak eta abar, baina betiere distantzia batetik. Guk ez dugu nahi izan tratu txarrak jasan dituztenen azalean sartu; beste nonbaitetik sortu dugu, eta horrek aktoreoi utzi digu distantzia bat beldurrik gabe jolastu ahal izateko. Gero, noraino den umorea, mugak non dauden... Uste dut gauza horiek guztiak kuestionatzen dituela obrak, eta badago zerbait interesantea horretan".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide