Transfeminismoa eta euskara izan dituzte hizpide Etxezabalan

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 12a

Etxezabala aretoa goraino beteta, astearteko solasaldian. (M.G.B.)

Mijo Lizarburuk eta Aner Peritzek hitzaldia eskaini zuten asteartean Etxezabala aretoan, eta bertan, euskañola-ri, euskararen zaintzari edota hizkuntzaren generoari buruz mintzatu ziren. Biek ala biek, transfeminismotik euskararen zaintza baino "politika publikoak" eskatzen dituztela defendatu zuten. 

Zarauzko Koordinadora Feministak, Zirika euskara elkarteak eta Korrika batzordeak antolatuta, Transfeminismoa eta euskara hitzaldia eskaini zuten astearte arratsaldean Mijo Lizarburuk eta Aner Peritzek Etxezabala aretoan. Interes handia piztu zuen, goraino bete baitzen espazioa. 

Hainbat bloketan banatu zuten saioa, eta lehenengoan, landuko zituzten kontzeptuen kokapena egin zuten. Zaintzari buruz hasi ziren hizketan, eta gai horretan sartzeko, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek feminismoaren eta euskararen inguruan egindako lana aipatu zuten. Lizarbururen aburuz, bere garaian "oso lan garrantzitsua" izan zen aipatutako bi emakumeek egindakoa, euskara eta feminismoaren gurutzaketan fokua jarri zuelako. "Nire ustez, ordea, lanketa hori ez da ikuspegi transfeministatik egiten, feministatik baizik", zioen. Haren esanetan, ikuspegi feminista "zaintzari balioa ematen saiatu" da, zerbait "positibo eta guztion ongizaterako tresna" moduan identifikatu baita. Horrek zaintzaren "hipertrofia" ekarri du Lizarbururen hitzetan; alegia, "dena zaintza da" esaldia: euskara zaintzen dugu, osasun mentala ere bai, lagunekin kafea hartzen elkar zaintzen gabiltz... Horren aurrean, Lizarburuk Lore Lujanbioren proposamena jarri zuen mahai gainean, zeinak defendatzen duen zaintza "dispositibo patriarkal bat" dela, "emakumeak esklabo bihurtzeko". Azkar esanda, Lizarburuk "erregimen konkretutzat" jo zuen zaintza, XVII. mendean sortutakoa, "bi gizaki kategori bereizi (emakumeak eta gizonak), eta lehen horiek zainduko dutena eta besteek ez". Hori horrela izanda, zaintza "txarra" dela azpimarratu zuten, "emakumeen esplotaziorako" balio duena eta, beraz, transfeminismotik euskararen zaintza baino "politika publikoak" eskatzen dituztela defendatu zuen filosofoak. 

Bere aldetik, lehen hitzartzean, "hizkuntza ideologia" kontzeptuaz aritu zen Peritz; alegia, "hizkuntzei, hiztunei eta hizkerei" buruz pentsatzen den horri buruz, "botere harremanen eta hizkuntza praktiken" arteko zubilana egiteko balio dutenak. Euskarari buruzko ideologien barruan, "zaurgarritasunaren ideia" aipatu zuen Peritzek. Haren esanetan, zaintzari buruz hitz egiten denean, kasu honetan euskara zaintzearen bueltan, "kontuz ibili behar da diskurtso naturalizatzaileekin, horrek ekartzen duelako pentsatzea euskara berez dela hizkuntza xumea, goxoa, gertuko eremutarako balio duena, eta ez duela balio, adibidez, politikagintzarako". Dena dela, Peritzen arabera, ez dago zerbaiti goxotasuna esleitzea baino zerbait "desagentziatzaile, zapaltzaile eta umilagarriagorik". Gainera, zarauztarrak azpimarratu nahi izan zuen euskara ez dela uste duguna bezain "txikia", baizik eta mundu mailan gehien hitz egiten diren hizkuntzaz inguratuta dagoela. "Beraz, euskara ez da zaurgarria, zauritua, txikitua eta gutxitua baizik".

Hasierako zatian, transfeminismoa kontzeptuaz ere aritu zen Lizarburu. Hark azaldutakoaren arabera, askotan transgenero edo transexual hitzekin lotu izan da, baina jatorri etimologikoa transbertsalitatean du. Horregatik defendatzen dute euskararentzako politika transfeministek "denentzako moduko politika publikoak eta espezifikoak" izan behar dutela. 

Euskara zikina eta generorik gabea?

Euskararen zaintzaren inguruko beste galdera bati heldu zioten jarraian: zein da transfeminismotik eta genero disidentziatik egiten den irakurketa hala nola hizkuntzaren purutasunari edota euskañola-ri buruz? Peritzek, akademiaren lanaren "beharrezkotasuna" azpimarratu ondoren, horrek burututako "euskara puruaren gehiegizko bilaketan egindako indarrean" jarri zuen azpimarra. Hori horrela izanda, "euskararen polizia" oso presente egon dela gehitu zuen, eta adibidetzat jarri zuen euskañola-ri, eta batez ere zenbait erabiltzaileri, egindako gutxiespena. "Benetan uste dut orokorrean ezin dela loturarik egin genero disidentzia eta euskara zikinaren artean, baina hizkuntza ideologietara itzulita ikusi daitezke lotura batzuk, askotan erabili baita euskañol-a hiztun konkretu batzuk gutxiesteko deitura moduan, eta ez kode linguistiko bat bezala". 

Horri buruzko adibide bat aipatu zuen Peritzek: "Edurne Azkarate aktore arabar-errioxarrak kontatzen zidan konplexua zuela bere euskararen zikintasunagatik asko zigortu zutelako, eta horregatik asko zaintzen zuela hizkuntza Gipuzkoara etorritakoan. Behin hemen, ordea, harrituta gelditzen zen euskaldun mitikoek ez zutenean zigorrik jasotzen ziotenean beraiek setentaiotxokoak zirela edota supermerkatuko dos por unoan zerbait erosi zutela". Orokorrean, euskañola-ren ohiko erabiltzaile jazartuak ere zerrendatu zituen zarauztarrak: euskaldun berriak, gune erdaldunetako euskaldunak, hirietako euskaldunak, euskañol-ez kode propioak sortu dituzten trabestiak, txoniak, raperoak....

Hizkuntzaren purutasuna ezinezkotzat ere jo zuten bi hizlariek, kontuan hartuta hizkuntzak beti ari direla nahasten beren artean, baita aldatzen edo elkar eragiten ere. "Hori erabat normala da, ezin da saihestu", zioen Lizarburuk. Halaber, blokea ixteko, gaiari buruzko ikuspegi bateratua ez dagoela zioen: "Nola pentsatuko dute gauza bera gai honi buruz Ondarruko marika batek, Bilboko trans batek eta Bidarteko bollera batek, denen hizkuntza egoerak ez badira berberak izan?". Horren aurrean, jakintza kokatua defendatzen dute teoria transfeministek. "Ezin da esan euskañola edo frantseuskara txarra da edo ona da, ikusi behar da zein espaziotan hitz egiten den... Adibidez, euskara bereziki hitz egiten den lekuetan arazo bat da euskañola, baina beste espazio batzuetan agian aukera bat da". 

Euskararen inguruko beste gai bati buruz mintzatu zen Peritz, ustezko euskararen ez bitartasunari buruz. Printzipioz "generotik aldentzea" errazagoa dela kontatu zuen, eta horrek "laguntzen duela", baina ez zetorren inondik inora bat euskarak generoak aipatzen ez dituen ideiarekin. Zarauztarrak zioen "hizkuntzak hiztun komunitatearen ezaugarriak barnebiltzen dituela", eta euskararen istorian generoa existitu delako azaltzen dela, aldi berean, euskal testuetan zehar. Horren adibidetzat jo zituen hitanoa, generizatutako izakiak adierazten dituzten hitzak, arau soziolinguistikoak, mailegu generizatuak hartzeko modua... Dena dela, euskara ez bitarra izanda ere, hori alferrik izango litzatekeela gehitu zuen, euskaldunak hala ez badira. 

Euskara eta ezkerra

Zuzentasun politikoaren izenean, euskal kultur mundua eta iritzi publikoa ezkerregi lerrokatuta dauden ala ez ere hitz egin zuten astearteko saioan. Lizarbururen ustez, baina, horren aurrean, galdera bat egin behar da: "Zerri buruz ari gara hizketan, eskuinak euskaraz hitz egin nahi dugula edo antzinako euskal ezkertiar antiwoke-n jarrera?

Lehenengoari dagokionez, Lizarburuk harriduraz azaldu zuen errealitate hori zergatik galdetzen zaien beraei: "Nirea al da eskuinak euskaraz ez hitz egitearen ardura?". Peritzek zabalago hitz egin zuen gaiari buruz. Zarauztarraren arabera, euskaraz Trumpi buruz ondo hitz egiten dutenak edo feminismoaren kontra mintzatzen direnak ez direla existitzen diotenak dira "euskal feminismoari esker beren posizioa kolokan ikusi duten horiek; orain arte erreferente euskaltzale izan direnak, alegia". Euskararen alde saltzen den diskurtso horrek hizkuntzari kalte besterik ez diola egiten ere nabarmendu zuen Peritzek, hainbat arrazoigatik. Lehenik, premisaren analisia desegokia delako: "Hobe litzake ez balego euskal prentsa publikoan feminismoaren aurka hitz egingo lukenik". Bigarrenik, horrelako proposamenak egitea ez delako gauza "inuzente" bat. "Ikusi behar dena da planteamendu hau zein olatuk bultzatzen duen eta nori egiten dion mesede, baita orain hitz egin behar den edo ez", gehitu zuen. Hirugarren puntu bat ere aipatu zuen, beste biak barnebilduta: "Analisia egokia balitz, eta irudituko balitzaigu momentua dela honi buruz hitz egiteko, hala ere, gezurra da".

Hori defendatzeko hainbat arrazoi nabarmendu zituen. Bere esanetan, hizkuntza gutxitu bat indaberritu denean izan da "beraien aldeko komunitate politizatu bat interpelatu dutelako eta estrategi politiko kokatuak planteatu direlako", eta horregatik, gaur egun falta dena dela "komunitate euskaltzalea politikoki norabidetu eta kokatzea". Horretaz gain, "euskaltzaletasunaren ideologikotasuna" ahazten dela ere gehitu zuen zarauztarrak: "Esaten da euskara ez dela ideologizatu behar, ideologia askotako jendeak egon behar duela talde horretan, baina ahazten gara euskalzaletasunak ideologikotasunetik edaten duela guztiz". Azkenik, euskarak bizi duen egoera diglosikoak ere eragiten duela zioen Peritzek. Bere ustez, Euskal Herrian euskaraz egitea ez da kasualitatez egiten, "borondate politiko aktiboa" eskatzen duen zerbait baizik. Horregatik guztiagatik, euskararen alde egin daitekeen onena borroka hori ideologizatzea eta politizatzea dela zioen Peritzek: "Euskarak ez luke nahi beharko inperialismoaren parte izan, horrekin apurtu baizik". 

Bigarren taldeari buruz hitz egin zuen Lizarburuk. Talde hori, Lizarbururen ustez, orain arte euskal ezkerraren parte izan da, baina "desidentifikazio prozesu batean" murgilduta dago orain. "Orain arte Berria gustura irakurri du, baina bat-batean ikusten du nola agertzen den bertan, adibidez, trabesti bat, eta hori inbasioa iruditzen zaio", dio. Talde horrek ezker patriarkala eta koloniala nahi duela zioen Lizarburuk, baina hegemonia hori kolokan ikusita, mugitu egin direla, orain arte zutena galtzeko beldurrez.Transfeminismoak, bere aldetik, bere gain hartzen ditu azken urtetan "askapen nazionalaren prozesuaren baitan" sortutako beste borrokak: sozialismoa eta feminismoa, batez ere, baina baita antiarrazismoa ere. 

Loratzea artistikoa

Azkenik, queer kulturak izan duen loratze artistiko izan zuten hizpide hizlariek, horrela definitu zutena: "pozik baina kontziente". Euskal Herriaren proiektu politiko horretan erreferente queer-rak geroz eta gehiago daudela zioen Lizarburuk, baina loratzea "mugatua" dela gehitu zuen, eta ezin dela "anekdota arau bihurtu": "Talde queer bakoitzeko, gizonez osatutako hogei daude, eta karteldegian bi talde queer badaude ez du esan nahi hala denik". Talde horiek atzean duten ideiak ez ahaztearen garrantziaz ere luzatu zen filosofoa: "Gure helburua da heteropatriarkatuaren dominazio sistemarekin bukatzea, baita horrek sortutako bi kategoria nagusiekin ere: emakumeak eta gizonak. Horiek ez dira errealitate biologiko bat, baizik eta botere desoreka baten ondorio. Talde horien atzean hau dago, ezin dugu ahaztu". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide