Burlatako abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 11

Burlatako Coral San Blas Abesbatza. (Utzitakoa)

Zarautz Abesbatzak ere parte hartuko du Frantziskotarren elizan eskainiko duten kontzertuan. 20:00etan hasiko dira. 

Burlatako (Nafarroa) Coral San Blas Abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean Frantziskotarren elizan, 20:00etan hasita, Zarautz abesbatzaren kolaborazioarekin. Urte luzez abestu izan du etxeko abesbatzak Amabirjin egunaren bezperan, abuztuaren 14an, Hilarion Eslava Burlatako konpositorearen Salve Regina abestia. Bi herri eta abesbatzen arteko harremana indartzeko, Zarautz abesbatza harremanetan jarri zen aipatutako abesbatzarekin, eta larunbaterako jarri dute bien arteko harremana sustatzeko lehen hitzordua. 

Kontzertu sakroa eskainiko dute nafarrek Carlota de Migelen zuzendaritzapean, eta emanaldiko azken zatian, etxeko abeslariak batuko zaizkie kontzertura. Zehazki, Hilarion Eslava konpositorearen Jesu Dulcis Memoria, Tu es Petrus eta Salve Regina lanak eskainiko dituzte denek elkarrekin. Azken hori, gainera, hiru bakarlarirekin batera: Calota de Miguel sopranoa, Pablo Ibañez tenorea eta Julio Carrascon baritonoa. Zarautz abesbatza ere joango da Burlatara, hilaren 28an, zehazki, eta bertan abestuko dute San Blas abesbatzako kideekin.  

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide