Junior mailako Euskadiko txirrindularitza txapelketa irabazi du Ane Zubeldiak

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 9a

Ane Zubeldia txirrindularia Euskadiko Txapeldun junior mailan. (Goierriko Hitza)

Atzo jokatu zuten txapelketa Seguran (Gipuzkoa), eta Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari Maite Urteaga zumaiarra izan zen garaile. 

Emakumeen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten atzo Seguran (Gipuzkoa), kadete zein elite, 23 urtez azpikoen eta juniorren kategoriatan. Zarauzko Eulen-Amenabar taldeko Maite Urteaga zumaiarra izan zen lehena txapelketa bereganatuz eta Claudia San Justo kantabriarra bigarrena Euskaldun Txapelketako lidergoan sendotuz. Junior mailan, Ane Zubeldia Peñagarikano zarauztarra (JRG) izan zen onena, laugarren postua lortuta.

Biziak izan ziren lasterketako lehen kilometroak, baina Lierni mendatearen lehen igoeran jo zuen erasoa Urteagak. Berekin batera egin zuen ihesi klub bereko Claudia San Justok. Biek ere erakustaldi galanta eman zuten atzo. Lasterketak aurrera egin ahala, buruan zihoazen bi txirrindulariak aldea handitzen joan ziren. Lierniako bigarren igoeran ezberdintasunak bi minutuko langa gainditu zuen.

Maldan gora, atzeko tropelean, Ane Zubeldia ahalegindu zen ihes egiten junior mailakoen txapelketaren borrokan, baina ez zuen lortu, eta behin zarauztarra neutralizatuta, geldialdia egon zen atzean. Zirkuituari eman beharreko hirugarren itzuliari ekin aurretik, buruan zihoazen biekiko aldea 4 minutu baino gehiagokoa zen.  

Maldan hora bukatu zen txapelketa, eta Segurako plazara Eulen-Amenabar taldeko bi txirrindulariak heldu ziren batera. Ez zen esprintik izan eta Urteaga izan zen helmuga puntua zeharkatzen lehena. San Justo izan zen bigarren eta atzetik zetozen txirrindulariak hiru minutu baino gehiagora heldu ziren.  Izaro Etxarri 23 urtez azpikoen txapelketa bereganatu zuen, hirugarren sailkatuta, eta Zubeldia helmugaratu zen laugarren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide