Eguzkipean jokatu dute gaur goizean VII. Mahasti Krosa, Talai Berri txakolindegiak antolatuta. Aurten guztira 82 korrikalarik –62 gizon eta 20 emakume– parte hartu dute lasterketan, eta eguraldia lagun, zazpi kilometroko ibilbidea izan dute aurretik. Hain zuzen ere, Talai Berri txakolindegitik abiatuta, Mollarriko kargalekura egin dute joan-etorria, eta ondoren, mahastietan barrena ibili dira gora eta behera.
Parte hartzaile guztietatik Mikel Usandizaga aiarra izan da lehena helmuga zeharkatzen. Hain justu, 31 minutu eta 33 segundotan amaitu du ibilbidea. Usandizagak, ordea, ez du lortu iaz ezarritako marka gainditzea. Izan ere, Ibai Makazaga zarauztarrak 29:50 denbora egin zuen aurreko urteko edizioan.
Emakumezkoetan, aldiz, June Agirrezabalaga gailendu da. 40 minutu eta 11 segundotan egin du zazpi kilometroko bidea zarauztarrak. Emakumeen artean, 4 minutuko aldea atera dio Garazi Artola usurbildarrari (44:09), baita Nerea Amilibia zarauztarrari ere (44:26).
Gizonezkoetan, berriz, Asier Aburuza adunarrak (32:51) eta Oier Etxeberria azpeitiarrak (33:26) osatu dute podiuma, Usandizagarekin batera. Sailkapena osorik ikusi daiteke herrikrosa.eus atari digitalean.
Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko irabazleek txapela, Manu Urbietaren eskultura eta beraien pisuaren erdia txakolin botiletan jaso dituzte. Bigarren sailkatuek, berriz, Manu Urbietaren margolan bat eta sei botilako txakolin kaxa jaso dituzte, eta hirugarrenek, azkenik, Manu Urbietaren margolan bat eta hiru botilako txakolin kaxa.
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.