Atzo arratsaldean jokatu zuten Oriaren 32. Traineru Jaitsiera, Orioko uretan. Guztira 78 ontzi lehiatu ziren erlojuaren aurka, eta jokoan ziren hiru banderetatik bi Orion gelditu ziren, gizonezkoena eta beteranoena, hain justu. Orio Arraunketa Elkarteko gizonen lehen taldeak nagusitasunez irabazi zuen estropada 19:40,57 denborarekin eta Bermeori hamalau segundoko aldea aterata. Emakumezkoetan, berriz, Donostiako Arraun Lagunak nagusitu zen 14:25,96 denborarekin.
Zarautz Arraun Elkarteak guztira bi traineru uretaratu zituen: senior gizonezko eta emakumezkoena, hain justu. Gizonezkoetan hemeretzi traineru lehiatu ziren, eta Zarautz zortzigarren sailkatu zen, 20:35,75 denborarekin. Emakumezkoetan hamabi talde aritu ziren, eta zarauztarrek zazpigarren postua eskuratu zuten, 14:57,57 denborarekin. Hemen ikus daitezke sailkapen guztiak.
Ohi bezala, gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu zuten Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta.