Buztinzuriko pasabidea itxiko dute datorren astean, saihesbideko lanengatik

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 6a

Buztinzuriko pasabidea, lanengatik itxita. (Google Maps)

Udalak zehaztu duenez, lanek bi asteko iraupena izango dute, eta pasabidea guztiz itxita egongo da, baita oinezkoentzat ere. 

Zarauzko Udalak gaur jakinarazi duenez, datorren astean Buztinzuriko pasabidea itxita egongo da, saihesbideko lanak direla eta. Hain zuzen ere, iazko ekainean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko saihesbidea eraikitzeko obrak, besteak beste, N-634 errepidearen trafikoa arintzeko. Bideak Buztinzuriko biribilguneraino jarraituko du, eta bertan adarretako batek saihesbidea eta Zarauzko hirigunea lotuko ditu, egungo autobide azpiko pasabidetik.  

Hori horrela, pasabidea guztiz itxiko dute datozen asteetan, baita oinezkoentzat ere. Lanen iraupenari dagokionez, udalak bi aste iraungo dutela aurreikusi du. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide