Dena prest da Oriaren 32. Traineru Jaitsierarako. Bihar arratsaldean, 16:30etik hasita, ontziz eta kolorez beteko da Orioko errioa, 78 ontzi eta 1.100 arraunlari inguru ariko baitira lehian Mapiletik (Aginaga) hasi eta ia herriko zubi pareraino (Salatxo taberna aurreraino). Zarautz Arraun Elkarteko ontziak ere ariko dira bertan: seniorretako bi ontziak uretaratuko dira, hain justu, gazteek atsedena hartuko baitute.
Atzo eguerdian aurkeztu zituzten aurtengo banderak Arraunetxean Orio Arraunketa Elkarteko Ander Atorrasagastik, Anuska Esnal alkateak eta Jabier Etxarri OAE babesten duen Orialki enpresako ordezkariak. Azken horrek nabarmendu zuen Orialkik "pozik" lagunduko duela aurten ere jaitsieran, "lehia gainditzen duen jarduera" delako, eta "festa giroa" gailentzen delako.
Ohi bezala, sei kategoriatan banatuta jokatuko dituzte estropadak: arraun inklusiboko bi taldek emango diote hasiera jaitsierari 16:30ean Saikola paretik abiatuta, 4.000 metroko distantzia egiteko, minutu bateko tartearekin. Haien ondotik llagut ontzien txanda iritsiko da. Kataluniarrak 17:00etan abiatuko dira, distantzia bera egiteko, haiek ere minutu bateko tartearekin aterata. 11 talde lehiatuko dira kategoria horretan. 17:26ean jubenilen txanda izango da. Getariak bakarrik egingo du estropada hori.
Multzo handienaren txanda etorriko da gero: beteranoena. 30 ontzitik gorak eman dute izena lehiatzeko, eta 17:27an aterako da multzo horretako lehenengoa.
Seniorretan parte hartze garrantzitsua
Seniorrei dagokienez, ohi bezala emakumeak aterako dira aurrena Saikolatik zubirantz, 18:00etan hasita. Hamabi traineru ibiliko dira lehian, tartean Zarautz, baita Zumaia, Orio, Tolosa eta Donostiarra taldeak ere. Astillero ez beste talde garrantzitsu guztiak uretan izango dira.
Gizonezkoetan, Mapilen izango dute irteera, eta 6.000 metroko distantzia egingo dute arraunean, horiek ere Salatxo pareraino. Hemeretzi ontzik eman dute jaitsieran aritzeko izena, tartean Zarauzkoek. Lehiakideen artean, Orio, Bermeo, Donostiarra eta Hondarribia bezalako taldeak egongo dira, baita Getaria ere.