Emakumea, autonomia eta gizarteari buruzko zikloa, Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 6a

Emakumeen siluetak. (Pixabay)

Zikloaren lehen saioan emango dute gaur, 18:00etan, eta bertan, sistema patriarkal klasikoetan emakumearen mendekotasun afektibo eta profesionala aztertuko dute.

Igandean Emakumeen Nazioarteko Eguna dela kontuan izanda, genero-rolek XX. mendetik gaur egun arte izan duten bilakaerari buruzko zikloari ekin dio Photomuseumek gaurtik aurrera, ostiraletako Gela programaren barruko saioetan.

Lehen saio honetan, sistema patriarkal klasikoetan emakumearen mendekotasun afektibo eta profesionala aztertuko dute, eta ondorengo astetan, honako gaiak ukituko dituzte: gizarte garaikideetako independentzia indibiduala eta horrien ondorioak, emakume gazteek arau murriztaileen aurrean duten erresistentzia eta, azkenik, genero-estereotipoen berrikuspen kritiko eta satirikoa aztertzen dituzten hainbat begirada.

Zikloak sakrifiziotik independentziara doan ibilbidea proposatzen du, proiekzio bakoitzaren ondoren elkarrizketa eta hausnarketa partekaturako espazioa irekiz. Ohi bezala, saioa 18:00etan hasiko da, eta doako sarrera izango du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide