Mugak

Javier Aramendi 2026ko martxoaren 29a

Letrak. (Pixabay)

Javier Aramendik otsaileko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Hilero aldizkariko zutabeak idazten ditugunok muga zehatz bat izaten dugu: karaktere kopurua. Esleitu zaigun karaktere kopuruaren araberako zutabe itxuroso bat aurkeztu behar dugu, ez luzeegia, ez motza. Lau eta erdian jokatzen dugu: frontoia gure zutabea da, eta frontisa, ordenagailuko pantaila.

Muga ezartzearen motiboa begi bistakoa da: luzeegia bada, ez da orrialde bakar batean kabituko, eta hori da bete behar dugun espazioa. Eta, aldiz, motzegi geratzen bada, emango luke egileok alfer hutsak garela eta arduragabeki jokatzen dugula.

Halatan, hilero gure idatziaren luzera doitzen ibili behar dugu, eman zaigun mugatik, karaktere kopurutik, gertu izateko. Bistan da, ez du zertan erabat zehatz izan, kopurutik pixka bat behetik edo goitik egon daiteke gure zutabea.

Muga hitza aditzen edo irakurtzen dugunean, haren esanahi peioratiboa etortzen zaigu burura lehendabizi: askatasunaren, nahien, desiren eta abarren murrizketa. Baina mugak baditu bere alde onak ere. Mugatzeak marko bat, eredu bat, bide bat, ezarri edo eskaintzen du. Gure lana estutu egiten badu ere, hainbat gauza idatzi gabe utzi behar, aldi berean kezka bat kentzen digu, markoa edo eredua ezartzen digulako, eta estilo ariketa bihurtzen du, nolabait, gure betebeharra, baldintza bat, traba bat, jartzen duelako.

Mugari esker, poesian edo bertsolaritzan, esaterako, metafora ausartak edo ideia biribilak sor daitezke, moldeak inposatzen duen espazio edo barne antolaketa zurrunak eragindakoak. Beraz, mugatzea ez da txarra izaten nahitaez, baditu bere alde onak ere. Eta artikuluak idaztean, mugak harira joatera behartzen gaitu, apaindura hutsa alboratuta, edo gehiegizko informazioa, irakurlea ez aspertzeko, nahiz eta muga barruan egonda ere, irakurlea aspertu ahal izan.

Horiek horrela, esleitzen zaigun karaktere kopurua betetzen edo lortzen ibili behar dugu, eta espero dut inoiz ez gertatzea, gehiegizko karaktere kopurua murrizten ibilita, nire zutabearen izena bera ere honela idatzi behar izatea: N!

(2D 1ez esanda, kopurutik pasa egin naiz oraingoan ere).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide