Xabat Olaizola: "Kirolari asko bidean geratu dira osasun mentalaz ez hitz egiteagatik"

Intza Trula, Gorka Eizagirre eta Usua Garin 2026ko martxoaren 14a

Eskubaloiari eta herri kirolei lotutako bizimodua eraiki du Xabat Olaizolak. Une "oso politak" bizi izan ditu bi diziplinei esker, baina sakrifizioak ere egin behar izan ditu denera iritsi ahal izateko. Otsaileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Kirol arloan, eskubaloian eman zituen lehen urratsak Xabat Olaizolak; 12 urterekin hasi zuen urte askoan luzatuko zen ibilbidea. Kantxa barruan une gozoak bizi izan ditu, baina baita gaziak ere; azken finean, kirolak bi aurpegi dituelako: garaipena eta porrota. Norberak bere buruari jartzen dizkion erronkek berebiziko garrantzia dute, eta Olaizolak, eskubaloian ez ezik, herri kiroletan ere topatu du bere tokia. Plazetan zein kantxetan dena eman ondoren, antolakuntza lanetan dihardu gaur egun.

Kirol eskaintza zabala duen herria da Zarautz, eta Olaizolak aitortu du egonezinak hainbat kirol probatzera bultzatu zuela nerabezaroan; besteak beste, arrauna eta saskibaloia. Diziplina ezberdinak probatzen zebilen horretan, lagunekin batera taldea osatu, eta Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketan izena eman zuen. "Asko gustatu zitzaidan, eta jendeak esan zidan balio nezakeela eskubaloian jokatzeko", ekarri du gogora.

Hamabost urteko ibilbidearen ostean, Olaizolak iaz jokatu zituen azken partidak Amenabar Zarautzen elastikoarekin. Urte horietan guztietan une "oso politak" bizi izan ditu, betirako barruan gordeko dituenak, baina baita momentu "gogorrak" ere: "Zilarrezko mailan partida oso zailak jokatu genituen; beti sailkapeneko azken postuetan genbiltzan, mailari eusteko borrokan".

Uda heltzearekin batera amaitzen zuten eskubaloi denboraldia, eta Olaizolak tarte hori baliatzen zuen herri kirolei heltzeko. "Bi edo hiru hilabete ematen nituen herri kiroletan zentratuta, berriro ere eskubaloia hasten zen arte", kontatu du.

Maiteak dituen bi kirolen artean bat aukeratu ezinda, biak uztartzea erabaki zuen kirolariak: "17 edo 18 urte bete nituenean izan zen hori, eta gogoan dut une gogorrak izan zirela bai mentalki eta baita fisikoki ere, astean, guztira, sei entrenamendu egiten bainituen".

Osasun mentala

Kirola egiteko eta lehiatzeko behar-beharrezko tresna da gorputza, baina are garrantzi handiagoa du osasun mentalak. Olaizolaren iritziz, gaur egun askoz ere gehiago hitz egiten da gai horren inguruan, eta azpimarratu du "oso inportantea" dela gaia mahai gainean jartzea, "arazo mentalak edonori sor dakizkioke eta". Haren hitzetan, "kirolari asko bidean geratu dira osasun mentalaz ez hitz egiteagatik, eta arlo hori ez lantzeagatik".

  • Adina: 28 urte.
  • Ikasketak: jarduera fisiko eta kirol jardueren teknikari izateko ikasketak.
  • Lanbidea: entrenamendu funtzionaleko entrenatzailea.
  • Entrenatzailea ez banintz… suhiltzailea izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… etxekoekin egotea eta kirola egitea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide