Veneziara bisita

Elaia Aizpurua 2026ko martxoaren 7a

Pertsona bat, sare sozial bat begiratzen. (Guka)

Elaia Aizpuruak Biribilgunea atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Otsaileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratu zen.

Astebete besterik falta ez bada ere, inauterietako mozorroa erabakitzeke daukagu oraindik nire lagunek eta nik. Dena edo ia den-dena azkenerako uzten dugunetakoak gara, eta aurtengo inauteriak ez dira inondik ere salbuespena izan. Niri ez zaizkit inoiz inauteriak bereziki gustatu, eta mozorroaren eztabaidan parte ez hartzea erabaki dut beste urtebetez, izan ere, asteburu baterako soilik izango den janzkera xelebreak ez duela buruhausterik merezi deritzot, eta mesedea eta guzti ari zaizkit egiten zertaz mozorrotuko garen erabaki nahian dabiltzanak.

Hala eta guztiz ere, baten bat tematuta dabil mozorroak guztion oniritzia izan behar duelakoan, eta sarean aurkitzen dituen mozorro guztien argazkiak bidaltzen ditu taldera. Argazkietako batzuk Pinteresten topatutako bikote mozorroak dira, beste batzuk Tiktokera lagun talde batek igotakoak, baina Interneteko dendaren bateko argazkiak ere bildu ditu. Salgai dauden mozorroen artean, espero beharko genukeen arren, guztiok harritu gaitu gizonezkoen eta emakumezkoen diseinuak zer desberdinak diren, nahiz eta hasiera batean mozorro berdina beharko luketeen.

Badirudi emakumeontzat diren mozorroek ez dutela negurik ezagutzen. Gona motzak (edo nire amonak esango lukeen moduan, gerriko zabalak), eta eskote irekiak dira uniforme, eta apaingarriez gain kolorea soilik aldatzen zaie: gorria suhiltzaile mozorroa bada, urdina polizia mozorroa bada… Euskaltzaindiaren Hiztegian mozorro hitzaren ondorengo definizioa ematen da: 2 iz. Norbaitek, beste norbaiten edo zerbaiten itxura hartzeko, edo inork ezagut ez dezan, jartzen dituen jantzien edo bestelakoen multzoa. Gaur egun, ordea, badirudi izaera ezkutatzeko baino, azala erakusteko eginda daudela mozorroak. Noski, ez litzateke arazorik egongo hori norberaren erabakia izango balitz, baina merkatuan ez da apenas bestelako mozorrorik saltzen, eta zer pentsatua ematen du.

Hori guztia eta ia denborarik ez dugula ikusirik, patata zakuz mozorrotuta joatea aipatu genuen gure artean, ezertarako balioko ez duen iraultza saiakera anekdotiko moduan. Baina horretaz ari ginela Veneziako inauteriekin gogoratu zen bat, eta dagoeneko horrelako ez soineko ezta maskara ederrik ere lortzeko astirik ez dugunez, agian, datorren urterako ideia gisa gorde beharko genuke; izan ere, Veneziako maskarak gizarte desberdintasunak lausotzen saiatzeko sortu zituzten; aldiz, gaur mozorroek ez dute deus lausotzen, rol estereotipatuak indartu soilik. Dagoeneko mozorroak ez dira gizartearen katamalo, ispilu baizik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide