Familiei eta gizarteari falta zaien puzzlearen pieza

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 28a

Edurne Alberdi, Arantxa Guarretxena eta Karmele Agirrezabala, Herrikosoro kaleko pasealekuan. (Mireia Galarza Bastida)

Tornuko haurren senideak dira Arantxa Guarretxena, Karmele Agirrezabala eta Edurne Alberdi. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude haien senitartekoei buruzko dokumentuak, baina ukatu egiten dizkiete. Otsaileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Identitateak norbera besteengandik desberdintzen laguntzen dio gizakiari, eta hainbat eta hainbat ezaugarrik osatzen dute. Ni-aren eraikuntza hori, adreiluz adreilu eraikitzen joaten da bizitza guztian zehar. Baina zer gertatzen da zati horietako batzuk aurkitu ezin direnean? Edo are okerrago, aurkitu bai, baina beste batzuk direnean etxea osatzen lagunduko luketen adreilu horiek edukitzea ukatzen dutenak?

Pareko zerbait gertatzen zaie Arantxa Guarretxena Zarauzko bizilagunari (Astigarraga, 1970), Karmele Agirrezabalari (Zarautz, 1956) eta Edurne Alberdiri (Zarautz, 1979). Hiru emakumeek dituzte utziak edo abandonatuak izan ziren senitartekoak –tornuko edota inklusako ume ere deitzen zitzaien garai batean; gaztelaniaz, prohijado–, eta egun, falta zaien puzzlearen pieza horren bila ari dira, eurei eta oro har euskal gizarteari falta zaien historia zati hori osatzeko asmotan.

Guarretxenaren kasuan, aita izan zen utzia. 1926ko urtarrilaren 30ean jaio zen, Donostian, eta jaio zen egun berean utzi zuten Fraisoron. Urte eta erdi pasatxo egon zen han, familia batek hartu zuen arte. Emaztearekin [elkarrizketatuaren amarekin] ezkontzekotan zela, jaiotza agiriei-eta begira zebilela egin zuen topo egiarekin. Ordura arte Andres Basurko Cerrajeria zela pentsatzen bazuen ere, paper haietan beste bi abizen agertzen ziren: Guarretxena Belaskoetxea. Zarauzko bizilagunak azaldu du nola joan zen aita amarengana lotsa-lotsa eginda. "Kontatu zion utzitako umea zela, eta esan zion berarekin ezkontzerik ez bazuen nahi ulertuko zuela. Amak erantzun zion lasai egoteko, horrek ez zuela aldatuko beragatik sentitzen zuen maitasuna, eta ezkondu egin ziren". Helduaroan, seme-alabei azaldu zien berak abizenak bakarrik uzten zizkiela, ez zuela lortu informazio gehiagorik, baina seme-alabak ikasitakoak zirenez, bazuela eurek zerbait argituko zuten itxaropena.

Agirrezabalaren kasua bere amaren aldeko amonarekin dago lotuta. Duela zazpi urte inguru hasi zen guztia, Agirrezabalaren ama hil zenean. Paper kontuetan murgilduta zebilela, amaren erregistroan "aitona-amona ezezagunak" zituela irakurri zuen. "1900. urtea baino lehenago jaio zenez, Elizako artxiboan begiratu nuen, eta han bai, exposito hitza azaltzen zen". 1892an, haurra zela, Donostiako Casa Tornon utzi zuten. Biharamunean bertan bataiatu zuten Donostian, eta ondoren, Tolosako Bedaio auzora eraman zuten. Hango elizako erregistroei esker jakin zuen Agirrezabalak bere amona zein baserritan hazi zen, eta baita 9 urtera arte han bizi izan zela ere, baina hortik aurrerako daturik ez du, 1918an Leaburun ezkondu zen arte. Amona 1927an hil zen, elkarrizketatuaren amak bi urte zituela. "Ez dugu inoiz jakin nire amak zerbait ba ote zekien bere amari gertatu zitzaionaz", gehitu du Agirrezabalak.

Edurne Alberdi, Herrikosoro kaleko banku batean.

 

Edurne Alberdi, berriz, bere amaren aldeko aitonari buruzko informazioa aurkitu nahian dabil. 1925ko azaroaren 15ean jaio zen Alberdiren aitona, eta 2004an hil zen. Beti jakin izan dute jasotako umea izan zela. Fraisorotik zazpi hilabeterekin jaso zuten, eta Alberdiren familiak dakien bakarra da handik parpailadun alkandoratxo bat ekarri zuela. "Berak esaten zuen jaso zuen familiak bizitza eman ziola, eta guztia zor ziela haiei". Gerora, gaixotu egin zen aitona, baina ez zen izan gaitz hark jotako familiako kide bakarra. "Hori dela eta, esaten genion komenigarria zela aztertzea nondik etor zitekeen gaixotasuna, eta gaizki zegoela esan zidan: 'Egin ezan nahi dudana!'". Alberdik, "nolabaiteko baimen hori jasota", informazioa arakatzeari ekin zion, lehenik aitonaren etxean: "Bere bataio agiria topatu nuen, eta orduan konturatu nintzen hilaren 15ekoa zela aitona; bera bizi zen bitartean, 16an ospatu izan genuen haren urtemuga". Behin hasita, hortik tiraka jarraitzea erabaki zuen Alberdik.

Oztopoz oztopo

Artean elkar ezagutzen ez zutela, bakoitzak bere bidea hasia zuen; hori bai, horrenbeste luzatuko zela jakin eta espero gabe. Hiru emakumeek egin zuten informazio eskaera Gipuzkoako Foru Aldundian, eta erantzun berbera jaso zuten: ezezkoa. Hiruek azaldu dutenez, esan dietena da ez dutela eskubiderik senitarteko horien inguruko informaziorik eskatzeko, baldin eta ez badute hala aitortzen dien idatzizko baimenik. Hori ezean, interes legitimoa dutela erakutsi behar dute. Kontzeptu horren zailtasunei buruz luze jardun dute hiru zarauztarrek. Haien esanetan, "oso zaila" da hori frogatzea, "abstraktua eta aldi berean konkretua" delako. "Ez digute esaten zerk erakusten duen interes mota hori, baina esaten digutena da guk aurkezten duguna ez dela nahikoa. Auziak ez dauka amaierarik", esan du Agirrezabalak. Gainera, ondo baino hobeto azpimarratu nahi izan dute eurek dutena baino interes handiagorik inork ez duela izango beren senideen inguruan.

Horrekin lotuta, gaineratu dute legearen aplikazioan ere akatsak daudela. Izan ere, haien hitzetan, aldundiak barne protokolo bat du tornuko umeen informazio eskaeretan 2015eko Adopzio Legea aplikatzeko, kontutan hartu gabe haien errealitatea iraganekoa dela, eta beraz, gaur egungo lege hori aplikaezina dela haien kasuetan. Eta horrez gain, irteerarik ez duen zurrunbilo horretan bueltaka jarraitzera behartzen dituen beste elementu bat ere badela esan dute: sailen arteko nahasmena. Izatez, dokumentuek izaera historikoa bereganatzen dute sorreratik 50 urtera, eta behin puntu horretara iritsita, Kultura sailera bideratu beharko lituzkete. Informazioa sentikorra bada eta pertsonei eragiten badie, eragin diezaiokeen hura hil eta 25 urtera jartzen dute kontsultagarri informazio hori. Tornuko umeei buruzko informazioaren kasuan, baina, Gizarte Politiken sailean jasotzen dituzte eduki guztiak. Horren inguruan haserre hitz egin dute hiru elkarrizketatuek: "Gerta daiteke informaziorik ez izatea, baina, kasu askotan, badute, esan egiten digutelako: 'Zure espedientearen aurrean nago, eta motza da' edota 'lau orrialdeko informazioa dago, baina ezin dizugu esan zer dagoen bertan'. Horrelakoetan pentsatzen duguna da: 'Zuk, estatuko langile bezala, eskubidea duzu nire istorioa jakiteko, baina nik ez?'. Hain sekretua balitz, ez luke inork jakin behar!".

Arantxa Guarrenetxea, Zarauzko parke batean. 

 

Urteek aurrera egin zuten, eta halako batean, Agirrezabalak prentsaren bidez jakin zuen Arartekoak gaian esku hartu zuela. Zehazki, Arartekoak bi ebazpen aurkeztu zizkion aldundiari, tornuko haurren senideen beste bi kasutan oinarrituta. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen araudia aplikatzeko eskatu zion Arartekoak aldundiari, dokumentuetara sartzeko aukera emateko. Hala ere, aldundiak ez dio Arartekoaren gomendioari kasurik egin, eta beraz, hor kokatzen da borrokaren azken puntua. Hiru elkarrizketatuen arabera, Arartekoaren babesa "berme juridiko" bat da eurentzat.

Gizartearen historia

Arartekoaren bermeaz gain, badute beste funtsezko elementu bat: elkarren babesa. Hiru zarauztarrez gain, antzeko egoeran dauden beste 35 bat lagunek elkarte bat sortu dute orain gutxi, Jasotako Haurrak elkartea (jasotakohaurrak@gmail.com), hain zuzen ere. Horrek "seriotasun, forma eta indar" handiagoa emango dizkiela sinetsita daude, bidean aurrera jarraitu eta "ahal diren ate guztiak jotzeko". "Ezezko guztiak jaso ditugu, baina ziur gaude lehenago edo beranduago lortuko dugula", diote ziur baino ziurrago. Izan ere, euren nahia beren senitartekoei gertatu zitzaiena jakitea bakarrik da, eta ez inor epaitzea. "Badakigu oso mingarria izango zela ama batek bere seme-alabak utzi behar izatea, eta hori egin bazuten beste irtenbiderik ez zutelako izango zela, baina utzitako umeentzat nahiz haien ondorengoentzat ere mingarria da gertatu zena jakin gabe bizitzea. Jakin eta ulertu egin nahi dugu, horrek horrenbeste urtez zabalik dirauen zauria sendatzen eta ixten lagunduko digulako".

Beste hausnarketa batean ere sakondu dute. Haien hitzetan, "ez da borroka indibidual bat bakarrik, gizartearen nahia ere bada". Izan ere, 14.000 ume inguru izan ziren Fraisoron utziak, eta elkarrizketatuen esanetan, hori historiaren parte eta garai hartako gizartearen argazkia da, maila horretan ere "erreparazioa" merezi duena. "Bizitza txiki horiei balioa eman nahi diegu, aitortza egin euren sufrimenduari. Estaltzen bada, ezer gertatu ez balitz bezala geldituko da auzia, baina hor gertatu zen zerbait. Horrez gain, garai hartan Fraisoron inude egon zirenak zeintzuk izan ziren jakitea ere nahi genuke, eskerrak emateko, badakigulako haiengatik izan ez balitz gure senitartekoak ez zirela aurrera aterako, eta gu ez ginela hemen egongo".

Karmele Agirrezabala, Herrikosoro kaleko banku batean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide