Behatxuloa

Primateak

Alex Gurrutxaga 2026ko martxoaren 15a

Hiru liburu, bata bestearen gainean jarrita. (Pixabay)

Alex Gurrutxagak otsaileko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Gogoratzen dituzue aspaldiko entziklopedia haiek? Tapa gogorra izan ohi zuten, kolore marroi iluna, letra urreztatuak… Beharbada usteko genuen halako bat egongelan edukitzeak aire erudito bat-edo ematen ziola etxeari. Baina zenbat aldiz zabaldu genuen entziklopedia hartako liburukiren bat? Seguru asko gehiagotan kendu genion hautsa esku-markak utzi baino.

Bistan da apalean entziklopedia bat edukitzeak ez duela inor jakintsuago egiten; informazioa ez baita, asko izanik ere, jakinduriaren sinonimo. Informazioa jakinduria bihurtzeko, mugimendua behar da, informazio hori dantzan jarri: kritikoki irakurri, gogoan hartu, kontrastatu, norbere esperientziekin erlazionatu, orokortu, adibideak bilatu, kontradibideak pentsatu, eztabaidatu… Soilik horrela jartzen da informazioa jakinduria sortzeko bidean.

Bada, antzeko zerbait pasatzen da pantailarekin. Akaso norbaitek pentsatuko du ezetz, mugimendu gehiago dagoela sare sozialekin-eta entziklopediekin baino. Bai, baina mugimendu azkar zoroa, eta ez derrigor aurreko parrafoko aukera horiekin lotua. Ez ote diren askotan ohikoagoak hauek: iraindu, probokatu, bazterrak nahastu, fama bilatu, like-ak kontatu…

Esan edo entzun ohi dugu: nik albisteak mobilean irakurtzen ditut. Barkatu, baina, gehienetan, gezurra. Albisteak ez, titularrak irakurtzen ditugu gehienok, askotan azkar eta gaizki; eta, gainera, titular asko iritzia berekin duten lerro sentsazionalistak izan ohi dira gaur egun. Edonola ere, presakako azaleko irakurketa nagusitzen da, eta horrela zaila da informaziotik jakinduriara jauzi egitea. Informazioaren (eta desinformazioaren) gizartean biziko gara, baina jakinduriaren gizartea izatetik urruti xamar gaude.

Izan ere, platano bat jateak tximino bihurtzen ez nauen bezalaxe, diru piloa balio duen telefono bat daukan tximino batek ez dio primate izateari uzten. Ez gaitezen nahastu: entziklopediarekin nahiz gabe, mobilarekin nahiz gabe, gizaki izatea da lehenengoa. Horregatik, nik neuk ez diot beldurrik teknologia erabiltzeari, burua ez erabiltzeak (edo gaizki erabiltzeak) ematen dit beldurra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide