Gaur egungo gazteek ez dute jakingo, agian. Bai, hasi naiz berriro ere abuelo cebolletasena egiten, eta hori apirilera arte 45 ditudala. "Oraindik gaztea haiz, motel!". Zakurraren putza! Larunbat arratsaldetan parrokian haurrentzako meza ospatzen zutenean ikasi genuen esaldi hura, eta, harrezkero, hainbat txantxatan agertu da tarteka-marteka. "Jauna, ni ez naiz inor zure etxean sartzeko, baina esazu hitz bat eta sendatuko naiz". Hitz gakoa norbaitek asmatuko ote zuen, ezta?
Identifikazioa edozertarako behar den mundu kodikatu honetan, zeure erosketak online egiteko ere zure bankuko zerbitzariarekin berretsi behar duzu eroslea zu zeu zarela... Kontxo, ni neu naiz eta utzidazu kontzerturako sarrerak erosten! Puff, ze zaila den batzuetan! Pribatutasuna kolokan jartzen dizuten cookie, lokalizazio eta notifikazio bonbardaketa horiek guztiei bai eta ez ematen bukatzen dut aleatorioki. Lehen, familiako kide zein lagun guztien etxeko telefono finkoko zenbakiak nekizkien buruz, eta orain, nekez oroitzen ditut nire sakelako telefonoko pina, hasierako pantaila deskodetzeko marrazkia, nire mugikorreko zenbakia, laneko posta elektronikoaren pasahitza, nire ordenagailu eramangarriaren pasahitza... Oroitzen baldin baditut, noski! Eta gainerako santo y seña guztiak nonbait apuntatuta edukitzea espero dut, ze bestela...
Orain, munduko negazionista erradikalena bihurtuko naiz: alperrik jarri dizkiogu gutxienez hamabost digituko maiuskula, minuskula, zenbaki, sinbolo eta asteriskoz beteriko pasahitz burutsuenak geure sarraila digitalei, inteligentzia zerbitzuak donuts bat jaten duten bitartean irekitzeko gai badira. "Agure zaharra izateaz gain, konspiranoiko petral bat dirudizu!". Hara, nik ez dakidan zerbait kontaidazu... AEBetako artaburuak, Hollywoodeko azken superekoizpen baten estreinaldian egongo balitz bezala, Venezuelan eraso militarra agindu eta Nicolas Maduro preso hartu zuen, narkotrafikoa eta terrorismoa leporatuta. "Baina esazu hitz bat eta sendatuko naiz". Petroleoa, akaso?
Ez dakit nola esaten den urre beltza kalaallisut hizkuntzan. Dakidan bakarra da 54.000 pertsonak hitz egiten dutela Groenlandian, eta bertako biztanleek argi esan dutela ez daudela salgai. Bizilagun bakoitzari 100.000 dolar eskaintzeko prest dagoela harropuztu da Etxe Zuriko ilehoria: estatubatuar bihurtu nahi du lurraldea, inperioaren trapuari izar berri bat brodatuz. Tematuta dago Tio Gilito, eta ez du ezetzik onartuko. Ni ez naiz inor besteen etxeetan sartu eta gauzak nola gobernatu beharko lituzketen esateko, baina Bernardo Atxagak 1998an argitaratutako Groenlandiako lezioa liburua gomendatuko nioke, botika modura, zeren AEBak jada izoztu ditu ICE-en basakeriarekin.