Helduentzako zein haurrentzako filmak eskainiko dituzte egunotan ere Modelo zinema aretoan. Alde batetik, helduen eskaintzari dagokionez, Balandrau filma emango dute pantaila handian. Bestetik, familia osoari zuzendutako ikus-entzunezkoa Como cabras izango da asteburu honetan.
Fernando Trullols zine zuzendariak ondutako lana da Balandrau. Drama generoko filma da, eta aktoreen taldea Alvaro Cervantesek, Marc Martinezek, Bruna Cusik, Anna Molinerrek, Pep Ambrosrek eta Edu Lloverasek osatzen dute.
2000ko abenduan kokatzen da istorioa, zehazki, hilaren 30ean. Egun horretan, lagun talde bat Balandraurako igoera egiteko prest dago. Eguzkiak laguntzen die mendizaleei, minutu gutxiren buruan dena aurreikusi ezin den moduan aldatzen den arte. Torb izenez ezagutzen den haize basatiak Pirinioetako historiako ekaitzik okerrena eragingo du.
'Como cabras'
Sony Pictures Animation ekoiztetxearen Como cabras filmak Will izeneko ahuntz txiki baten istorioa du oinarri. Amets handiak ditu Willek, eta bizitzak aukera paregabea ematen dio profesionalekin bat egin eta rugebolean jokatzeko. Intentsitate handiko kirola da, mistoa, eta munduko animalia azkar eta basatienek parte hartzen dute. Willen taldekide berriei ez zaie gustatzen antxume bat taldean edukitzea, baina Willek erabaki du kirola iraultzea eta behingoz erakustea txikiek badakitela jokatzen!
Bi emanaldietarako sarrerak Kutxabank Sarrerak atari digitalean zein Modelo aretoko leihatilan erosi daitezke.
Gaur, larunbata
- 16:45. Como cabras.
- 19:15. Balandrau.
- 22:15. Balandrau.
Bihar, igandea
- 16:45. Como cabras.
- 19:15. Balandrau.
Etzi, astelehena (ikusleen eguna)
- 17:00. Balandrau.
- 19:30. Balandrau.