Espainiako Gobernuak iragarritako ezohiko erregularizazio prozesuari buruzko azken berrien aurrean, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek "ulermen eta lasaitasun mezua" helarazi nahi dute. "Ziurgabetasuna eta itxaropena" ulertzen dituztela azaldu dute, baina hala ere, garrantzitsutzat jo dute hainbat puntu azpimarratzea.
Udalak azaldu duenez, momentuz ez dago argitaratutako araudirik, jarraibiderik edo azalpen oharrik. "Espainiako Gobernuak Errege Dekretu bat onartzeko tramitea hasi du, baina oraindik ez dute onartu, eta ez dago behin betiko testurik", diote. Hori horrela izanda, atzerritartasun zerbitzuan gai horri buruzko hitzordurik ezin dela eskatu nabarmendu dute, oraindik ez delako horrekin erlazionaturiko inongo izapiderik hasi.
Beraz, zuhurtasunerako deia egin nahi du udalak. "Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik, Aholku Sarearekin lankidetzan (Atzerritartasunaren arloko Arreta Juridikorako Euskal Sarea, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzu publikoa eta doakoa), aholkularitza espezializatua bideratu eta eskainiko dugu berritasunak baieztatzen direnean eta segurtasunez orientatu ahal dugunean", azpimarratu dute.