Saharar herriari dagokion determinazio askerako eskubidea aldarrikatu dute, SEADen 50. urteurrenean

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 28a

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 50. urteurreneko ekitaldia udaletxean. (Aritz Mutiozabal)

Saharar herriaren determinazio askerako eskubidea adierazpen instituzionala irakurri zuen udalak atzo arratsaldean udalbatzarrean eginiko ekitaldean. Zarauzko bizilagun sahararek eta Saharautz elkarteko kideek ere hartu zuten parte bertan.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela 50. urte bete ziren atzo, eta saharar herriak urteurrena baliatu nahi izan zuen nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidea agerian uzteko. Euskal Herrian hainbat ekitaldi egin dituzte saharar herriari babesa adierazteko, baita Zarautzen ere. 

Zarauzko Udaleko talde politiko guztiek bat egin dute Euskadiko Saharar Ordezkaritzak prestatutako Saharar herriaren determinazio askerako eskubidea adierazpen instituzionalarekin, eta atzo arratsaldean Xabier Txurruka alkateak idatzia irakurri zuen udalbatzar aretoan, udal talde guztietako ordezkariak, Zarauzko bizilagun sahararrak eta Saharautz elkarteko kideak alboan zituela. Ondoren, Embarek Sidi sahararrak hassanieraz irakurri zuen testua.

SEADen 50. urteurrenaz gain, 30 urte beteko dira aurten udalak Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako Hagunia herriarekin elkartasun-senidetza egin zuenetik. Urtemuga borobil horiek kontuan izanda, udalak hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa du, herriko sahararrekin eta Saharautz elkartearekin lankidetzan, Saharako herriarekin duen elkartasuna adierazteko. Atzokoa, esaterako, horietako lehenengoa izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide