Oihu Bat Palestinara ekimenerako sarrerak salgai daude Garoan

Intza Trula 2026ko martxoaren 1a

Herritar bat Palestinako bandera astintzen. (Guka)

"Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerroan jartzeko" kultur ekimena antolatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Martxoaren 21ean izango da, eta Lege Berria kolektiboak aurreratu du bertatik Zarautzera itzultzeko autobusa jarriko duela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak Oihu Bat Palestinara kultur ekimena antolatu du martxoaren 21erako, Durangoko (Bizkaia) Landako gunean. "Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzeko asmoz", antolatu dute hitzordua, eta sarrerak Zarauzko Garoa liburu dendan eros daitezke jada, baita lotura honetan ere.

Hainbat artistek parte hartuko dute bertan, eta musika erabiliko dute Palestinako erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko. Esaterako, Belako, Bengo, Borla, Chuleria, Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Odei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta igoko dira oholtzara.

Jaialdiaren helburua garbia da: palestinarren aldeko borrokari indarra ematea. Horregatik, bertan lortutako irabaziak Palestinaren aldeko borroka sostengatzera eta errepresioari aurre egitera bideratuko ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Informazio gehiagorako, oihubatpalestinara.eus webgunera jo daiteke.

Itzultzeko autobusa

Lege Berria kolektiboak aurreratu du jaialditik itzultzeko autobusa jarriko duela, baina horren inguruko informazioa aurrerago jakinaraziko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide