Aldundiko Kultura eta Kirol sailak aurtengo Carmen Adarraga saria zuri ematea erabaki du. Emango zizuten susmorik ba al zeneukan ala ezustean harrapatu zaitu?
Sorpresa galanta izan da, erabat. Aldunditik deitu ninduten duela astebete, saria niri ematea pentsatu zutela esanez, eta nik ezetz esan nien, ez nuela gainerako emakumeengandik nabarmendu nahi. Seme-alabekin hitz egin nuen, eta esan zidaten nire lana aitortzea harro egoteko modukoa zela. Beraz, iritziz aldatu nuen, eta atzera deitu nien saria onartzen nuela adierazteko. Hurrengo egunean Donostian elkartu nintzen Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuarekin, eta komentatu zidan ez zela zehatz-mehatz kirol sari bat, bazeudela beste plataforma batzuk emakume kirolariak saritzeko, baizik eta kirolaren bueltan lortu zenaren inguruko saria zela. Diputatuaren hitzetan, surfaren inguruan bizitzeko modu bat sortu da, kirol hori ez baita pista batean praktikatzen, eta, azken finean, hori izan da nik bultzatu dudana.
Epaimahaiak zuk "aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina" azpimarratu du. Izan ere, surfa oraindik gutxieneko batzuek praktikatzen zutenean abiatu zineten.
Nik mutil-lagunari [Iñigo Letamendia] esker ezagutu nuen surfa, eta huraz gain, beste bizpahiru ziren surfa praktikatzen zutenak Donostian 70eko hamarkadaren hasieran. Handik bi urtera, kuadrillatxo bat Santanderrera [Espainia] joan eta baserri batean surf oholak egiten hasi zen; Espainia osoko lehenak izan ziren. Komunitate txiki batean bizi ginen, eta surfaren bueltako guztiok ezagutzen genuen elkar. Aurrerago, surflari profesionalak Zarautzera ekartzea erabaki genuenean, beste gauza bat izan zen. Profesional haiek gure olatuetan nola moldatzen ziren ikustea ederra izango zela iruditu zitzaigun. Munduko zirkuituko onenak bertan izan genituen.
Baina hori 80ko hamarkadan izan zen, ezta?
Hala da, bai. Eboluzio bat izan zuen honek guztiak: surf oholak egin, bikiniak egin, surfeko denda ireki, jendeari surf egiten irakatsi, surflari profesionalak ekarri... Dena oso mailakatuta joan zen. Surfa jarraitzaile gutxiko kirola zen hemen, eta enpresa egiten joan ginen pixkanaka-pixkanaka. Azkenean, egin genuen guztia estreinakoz egiten ari ginen, eta ez aurrez ezer pentsatu genuelako. Pentsa, lehen surf eskola hortxe ireki genuen [Dama atzeko etxebizitza seinalatzen], Jolas enpresak egin zigun etxola batean.
Adarraga sariak kirolaren munduan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen egindako lana aitortzen du.
Berdintasuna lortu egin behar dela esaten da, eta, izatez, nik ez du sekula nagusirik izan. Ni neu izan naiz enpresa aurrera eraman duena. Oraindik ere la jefa deitzen didate, nahiz eta jada ez naizen. Errespetu handia didate. Izan ere, enpresako mutilak gehiago arduratu dira surfaren eremuaz, eta ni neu izan naiz enpresaz buru-belarri arduratu dena.
Kanpora begira, ordea, Iñigo Letamendia senarra izan da Pukasen irudia.
Bai, hori hala izan da beti. Hori oso argi geneukan biok. Berak jendearekin egoteko balio zuen, eta, zentzu horretan, harreman publikoetan egiten zuen lan. Ni lotsatiagoa naiz. Orduan, kanpora begira Indigo zen ezaguna [Iñigo Letamendiaren ezizena], baina denak ongi funtziona zezan nik egon behar nuen atzean. Munduko Surf Txapelketa Zarautzera lehen aldiz ekarri genuenean, surflari guztiak harrituta geratu ziren txapelketaren zuzendaria emakumezkoa zelako. Munduko Zirkuituko txapelketa onena izendatu zuten, gainera. Zergatik? Ama bezala eduki dezakegun sentsibilitateagatik. Hawaiitik edo Australiatik etortzen ziren mutil gaixoak eskuzabal hartu genituen, haien behar txiki guztiei erantzunez, eta hori guztia asko baloratu zuten. Horrez gain, ohartu ziren izen-abizenez ezagutzen genituela parte hartzaile guztiak, beste txapelketa handietan ez bezala.
Txapelketa haiek inflexio puntua izan ziren Pukas etxearentzat nazioarte mailan.
Zalantzarik gabe. Bat-batean Pukas marka ezagutu zuten, eta surf oholak ekoizten genituenez, hori zen interesatzen zitzaiena. Beste batzuen artean, txapelketa irabazi zuen hawaiiar batek gure ohola erabili zuen. Egundokoa izan zen une hura. Gainera, Internetik ez zegoen sasoi hartan, eta kulturarteko nahasketa ikaragarria sortu zen. Autobusak etortzen ziren jendez beteta txapelketa ikustera. Azkenean, ongi pasatu nahi genuelako antolatu genituen txapelketak.