Itxasmendiko tenis pistak berrituko ditu udalak, uda baino lehen

Intza Trula 2026ko otsailaren 27a

Itxasmendiko tenis pista. (Zarauzko Udala)

Lan hauek Itxasmendiko Auzo Elkartearekin lankidetzan adostu ditu Zarauzko Udalak. Berrikuntzekin "kalitate handiagoko zerbitzu publikoa bermatzea" da udalaren asmoa.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, Itxasmendiko tenis pistak berrituko ditu, osorik. Zehaztu du, gainera, udako denboraldia heldu aurretik prest egongo dela joko eremu berritua. Herriko kirolarentzat "funtsezkoa" den azpiegitura "modernizatzeko" eta eskola-kirolerako, kirol klubentzat, eta herritarrentzat erabilera baldintzak "hobetzeko" helburuarekin egingo ditu lanak.

Udalak azpimarratu nahi izan du proiektua Itxasmendiko Auzo Elkartearekin izandako "lankidetza estu baten emaitza" dela. "Elkarteak aspalditik adierazi zigun instalazioak hobetzeko beharra, kirola egiteko baldintza egokiak bermatzeko", gehitu du erakundeak. Horren aurrean, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik lan partekatuaren balioa eta epeekiko konpromisoa azpimarratu ditu: "Herritar antolatuek proposamen zehatz eta arrazoizkoak helarazten dituztenean, gure betebeharra entzutea, lantzea eta jardutea da". 

Aldaketei esker pistaren lurzorua hobetuko dute, "segurtasuna indartzeko eta instalazioaren mantenua eta iraunkortasuna erraztuko duten alderdi teknikoak optimizatzeko". Hala, udalaren asmoa da "kalitate handiagoko zerbitzu publikoa bermatzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide