Apirilean sei kapituluko euskarazko telesaila estreinatuko dute Primeran plataforman. Piztiak du izena, eta Urola Kostako kutsua du bazter guztietatik. Izan ere, Amancay Gaztañaga aktore eta sortzaile zestoarraren ideia batetik abiatuta zuzendu dute lana berak eta Xanti Rodriguez sortzaile azpeitiarrak. Gainera, grabaketa ia guztiak Urrestillako bi baserritan egin dituzte, eta telesaila girotzen duen musika ere eskualdekoek sortu dute. Eskualdekoak dira, era berean, telesailean agertzen diren aktoreetako asko, tartean bi protagonistak: Iraia Elias zarauztarra eta Iñigo Aranbarri azkoitiarra. Horiekin batera agertuko dira pantaila handian, besteak beste, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrak, Sambou Diaby zumaiarra eta Ainhoa Alberdi zarauztarra.
Gaztañagak azaldu du denbora zeramala istorioari bueltaka, baina ez zekiela zer forma eman, eta Rodriguezekin elkartu, eta bien artean erabaki zutela telesaila sortzea 2025eko urtarrilean. Azpeitiko Ospel Films ekoiztetxeak ekoitzi du telesaila, EITBren sortzaile berrien deialdiko diru laguntzari esker, eta Gaztañaga gustura da lantalde osoak egindako lanarekin eta azken emaitzarekin. Ondoan izan duen zuzendaria goraipatu du, Rodriguez. Aurrez elkarrekin lan egindakoak dira, eta esan du "esperientzia zoragarria" izan dela telesaila elkarrekin zuzentzea, oso ondo konpondu direlako eta bera alderdi artistikoan eta Rodriguez teknikoan kontzentratu ahal izan direlako.
Gai eta lanketa bereziak
Piztiak lanean errealismo magikoa, ironia, komedia beltza eta krudeltasuna aurkituko ditu ikusleak, eta erdigunean, emakumeak. Istorioa baserri batean kokatzen dela azaldu du zestoarrak, eta protagonista nagusiak, Karmenek, ez duela espirituetan sinesten, haren familiako baserria, urte luzez, sineskeriaz eta mamu istorioez inguraturik egon den arren. "Ekiñe iloba gazteak ganbaran kutxa bat aurkituko du, ordea, eta horrek dena aldatuko du, iraganean galdutzat zituen pertsonak agertuko direlako Karmenen bizitzara, eta haiekin batera, argitara atera beharreko antzinako familiako sekretu bat".
Telesailean adin eta profil askotako emakume ugari agertzen direla jakinarazi du Gaztañagak, eta ez da kasualitatea. "Pertsonaien alde basatia eta askea azaltzea nahi izan dugu", kontatu du zestoarrak. "Emakumeen ahalduntze prozesuen inguruko hausnarketa ere bada. Posible ote da barruan daramagun sufrimendu memoria horretatik aldendu, eta beste modu bateko pertsonaia femeninoak eraikitzea? Askeak, krudelak, jostariak, politikoki ez zuzenak, piztiak...". Horretan saiatu da Gaztañaga. "Beharra" ikusten zuen, bai ikusle gisa, bai aktore gisa. "Fikzioan ez da ohikoa beste era bateko pertsonaiak interpretatzea, are gutxiago adin batetik aurrera; beti tokatzen zaizu izatea ama bat oso agobiatuta dagoena edo triste dagoena edo dena delakoa, beti profil eta ikuspuntu zehatz batetik lantzen dira, eta hori beste modu batera egiteko eta beste modu bateko pertsonaiak ekartzeko asmo argia izan dugu", azpimarratu du. "Oraindik ere fikzioan emakumeak objektu pasiboa izaten gara, akzioa beti maskulinoa izaten da, eta hori aldatu nahi izan dugu".
Teknika aurreratuenekin
Gaztañagak aitortu du telesaila egiteko "aurrekontu txikia" izan dutela, baina, aldi berean, nabarmendu nahi izan du "kalitate handia" lortu dutela, eta "orain arte Euskal Telebistan egin izan diren telesailetan gutxi ikusi diren kontatzeko moduak" erabili dituztela, "istorioaren naturaz gaindiko izaerak" VFX teknikarekin egin baitituzte. Efektu bereziak sortzeko teknika berri bat da hori, eta piztiaren pertsonaiarentzat erabili dute.
Hain justu, Gaztañagak berak egin ditu piztiaren mugimenduak traje berezi bat soinean zuela, eta ondoren, Rodriguezen gain egon da alde teknikoa, hau da, mugimendu horiek oinarri hartuta sortutako izaki magiko hori pieza errealista baten barruan integratzea. "Gure erronka izan da, hain zuzen, nola txertatu naturaz gaindiko parte hori guztia. Efektu berezien eta teknika berezien bitartez egin dugu, eta Xanti arduratu da zati horretaz, iaioa baita", kontatu du Gaztañagak: "Xantik eta bere ekipoak kristoren lana egin dute, punta-puntakoa".
"Irakaspen handia" izan da esperientzia zestoarrarentzat, baina orain, behin etxeko lanak eginda, ikusleen erantzuna jasotzeko irrikaz da zuzendaria.
Fitxa teknikoa
PIZTIAK
- Egitura. Sei ataleko telesaila, atal bakoitza 25-30 minutukoa.
- Hizkuntza. Euskara.
- Generoa. Suspensea, thriller fantasiazkoa, drama.
- Aktoreak. Iraia Elias eta Iñigo Aranbarri dira protagonistak.
- Zuzendariak. Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez.
- Gidoilaria. Amancay Gaztañaga.
- Muntaia. Lander Castro.
- Soinu banda. Eñaut Gaztañaga eta Alejo Orbegozo.