Martxoaren 17ko greba orokorraz hitz egiteko asanblada egingo du etzi EHKSk

Intza Trula 2026ko otsailaren 25a

EHKSko kide bat, martxoaren 17ko grebako kartelarekin. (EHKS)

Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba eguna deitu du martxoaren 17rako. Mobilizazioaz hitz egiteko bilera irekia egingo dute ostiralean, 17:00etan Hiruputzu gaztetxean.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorra antolatzeko batzar irekia egingo du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Etzi, ostiralez, 17:00etan izango da, Hiruputzu gaztetxean. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako mobilizazioak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea izango du helburu.

EHKS azaldu duenez, bizi eta lan baldintzen "okertze orokortua" gertatzen ari den testuinguru honetan, "langile klasearen borroka hedatzea eta sozialismoaren eroale bilakatzea ezinbestekoa" da. "Horregatik, greba orokorrera batuko gara", gehitu du. Hala, pasa den astean plazaratu zuen EHKSk gebari buruzko irakurketa, eta horren inguruko azalpenak ere emango dituzte ostiraleko saioan. Bertan zehaztu duten moduan, greba orokorra "langile klasearen batasuna aldarrikatu eta kapitalismoari kritika erdigunean jartzeko" baliatuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide