Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak afizionatu mailako lehenengo hitzordua izan zuen igandean, Errenteriako Ane Santesteban Sarian. Euskaldun Txapelketako lehenengo lasterketa izan zen, eta Claudia San Justo izan zen garaile. Esprintean bukatu zen etapa, eta buru zihozen boskoteko miltzoko bizkorrena izan zen Eulen-Amenabarreko txirrindularia.
Hasierako kilometroetatik jarrera erasokorra erakutsi zuten Zarauzko taldeak. Maite Urteagak hainbat eraso jo zituen, baina ez zuen aukerarik izan bidea egiteko. Urteagak, Naya Mangasekin batera, bikain gidatu zuen Oiartzun inguruetako lehenengo gune teknikoan ondo kokatuta sartzeko. Altzibarreko estugunean aurkari baten erasoari erantzun zion Aroa Gorostizak eta biek tartea ireki zuten. Atzean, errepidea malda gora jarri zenean kontraeraso talde bat osatu zen zortzi txirrindularirekin eta bertan sartu zen Claudia San Justo. Gaintxurizketako hirugarren igoeran elkartu ziren bi taldeak eta tropelarekiko errenta handituz joan ziren zuten, minutu batekoa azken 20 kilometroetan sartzean.
Massi taldeak nagusitasunez zihoan arren, azken 10 kilometroetan sartuta Kataluniako taldeko bi txirrindularik izandako eroriko baten ostean, multzotxoa zortziko bihurtu zen. Orduan hartu zuten lasterketaren ardura Gorostizak eta San Justok, eta azkeneko maldan, bi eraso indartsu jo zituen Gorostizak taldea desegiteko. Ahaleginak bere fruituak eman zituen, bost txirrindulari iritsi baitziren Errenteriako Nafarroa hiribideko sprinta jokatzera.
Pozez eta emozioz ospatu zuten taldekide San Justoren garaipena, eta orain, zapore gozoarekin, Eulen-Amenabar taldeak ilusioz prestatuko ditu datozen helburuak. Gizonezkoen taldeak larunbat honetan hasiera emango dio Euskaldun Txapelketari Zumaia Sarian ,eta emakumezkoen taldea dagoeneko begirada jarrita du martxoaren 8an Seguran izango den Euskadiko Txapelketa.