Zarautz-Palestina herri ekimenak Palestinako herria gogoratzeko eta babesteko ekitaldia antolatu du datorren iganderako, martxoaren 1erako. Herritarren ekarpenari esker, 12.000 euroko laguntza ekomonikoa bidali ahal izan dute Mundu Bat Fundazioaren bitartez, baina herri ekimenak iritzi dio ekonomikoki egin daiteken laguntza bezain garrantzitsua dela "ez ahaztea", hau da, "munduak oraindik ere gogoratzea gertatzen ari den genozidioa".
Hori guztia aldarrikatzeko, ibilaldi solidarioa antolatu dute igande eguerdirako; Lege Zaharren Enparantzatik abiatuko dira, 12:00etan. Deialdi honekin Palestinako lurralde okupatuaren egungo egoera birsortu nahi dutenez, herriko leku esanguratsuetan barrena ibiliko dira, sarraskiaren inguruko kontaketa xehetua eginez, soinu hunkigarriekin.