Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan, Beatriz Egizabalen Gregoria bakarrizketa izango da ostiralean Hiruputzu gaztetxean, 20:00etan hasita. Zehazki, Egizabalek hurrengo galderari erantzungo dio hitzorduan zehar: "Feminista jaio ala egin egiten da?". Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, bakoitza bost euro ordainduta.
Bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, haurtzarotik heldutasunera errealitate horrek izan duen eraginaz mintzatuko da. Aldi berean, inguru normatibo nahiz ez norbatiboek izandako eragina nahiz feminismoaren olatu desberdinak ere aztertuko ditu. Horien bueltan honakoa dio Egizabalek: "Zer ulertu dut? Zer ez dut ulertu? Zer ulertu dut gaizki? Gaizki ulertzea ez ulertzea da? Ondo ulertzea ulertzea da? Ezer ulertu gabe bizi gaitezke? Antza denez bai... edo ez?". Handik bi egunera izango da egitarauko hurrengo ekintza, korrikiniela, zehazki. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, kinielak eta petoak jarriko dituzte salgai 11:00etatik aurrera plaiero-potean.
Martxoan ere izango dira Korrika Kulturaleko ekintzak:
Martxoak 7
- 10:30. Txi Kung meditazio saioa Marta Kaperotxipirekin, Geltokiko eskaileretan.
- 12:30. Txinpirin abesbatzaren kontzertua, Musika Plazan.
Martxoak 10
- 18:30. Euskara eta transfeminismoari buruzko mahai ingurua Etxezabalan.
Martxoak 14
- 19:00. Jalgi eta Txeru dantza taldeen dantza emanaldia, kiroldegiko frontoian.