"Hausnarketa kolektiboa sustatzeko" zineforum saioak antolatu ditu Emakumeen Mahaiak

Mireia Galarza Bastida 2026ko otsailaren 23a

Emakumeen Etxea. (Artxiboa)

Ekimenaren helburua da ikus-entzunezkoen bidez hainbat gai sozial eta kultural lantzea, pelikula bana ardatz hartuta eta ondorengo solasaldi irekien bidez. Lehen hitzordua asteazkenerako jarri dute. 

Emakumeen Etxeko Emakumeen Mahaiak Zineforum egitasmoa antolatu du 2026rako, hain zuzen ere, zinemaren bidez "hausnarketa kolektiboa sustatzeko". Ekimenaren helburua da ikus-entzunezkoen bidez hainbat gai sozial eta kultural lantzea, pelikula bana ardatz hartuta eta ondorengo solasaldi irekien bidez. Saio denak 18:30ean izango dira, Emakumeen Etxean, eta jarduera guztietan zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da, ahalik eta irisgarriena izan dadin.

Oraingoz, ondorengo hitzorduak zehaztu dituzte, lehenengoa, etzi, hilak 25, Sorda filmaren inguruan. Bigarrena apirilaren 29an izango da, kasu honetan, Jone, Batzuetan filmari buruz. Azken saioa, berriz, maiatzaren 27rako jarri dute, eta bertan, La Virgen Roja filmari buruz solastuko dira. Saio bakoitzean, pelikula eskaini eta gero solasaldi labur eta parte-hartzailea egingo dute, ikusitakoaren inguruan iritziak, bizipenak eta gogoetak partekatzeko.

Emakumeen Mahaiak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Zineforumera, "zinemaren bidez pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta komunitatea indartzeko helburuarekin".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide