Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko hirugarren saioa Urola Kostan. Aizarnazabalgo Mikel elkartean izan zen bertso afaria, eta 60 bat lagun joan ziren afaltzera eta saioaz gozatzera.
Aizarnazabalgo Joxe Jimenezek Kasta taldea eta Zarauzko Sendabelarrak taldea aritu ziren atzokoan nor baino nor, txapelketan aurrera egiteko txartela eskuratzeko lehian. Hain zuzen ere, Aizarnazabalgo taldean kantatu zuten Iban Gorriti Beltzak, Markel Eizagirrek eta Aritz Hernandez Larrumek; Zarauzkoa, berriz, Nahikari Gabilondok, Iñigo Mantzizidor Mantxik eta Aimar Sorazuk ordezkatu zuten.
Bertsolariek Leire Iruretagoienak eta Onintza Garciak jarritako gaien bueltan kantatu zuten atzokoan, eta lan guztiak eginda, epaileek erabaki zuten Aizarnazabalgo taldea izan zela nagusi. Ondorioz, martxoaren 6an Zarauzko Hiruputzu gaztetxean izango den finalerdietako batean kantatuko du talde horrek, eta datorren ostiraleko Getariako saioaren irabazlea izango du aurkari; hori izango da kanporaketa faseko azken hitzordua. Finala Orioko Etxeluze gaztetxean izango da, martxoaren 14an, eta saio hori irabazten duena Gipuzkoako Txapelketara igaroko da.