Calcuta Ondoan erakundearen jarduerak, gaur Zarautzen

Intza Trula 2026ko otsailaren 18a

Argentinako La Morera fundazioko kideak, jarduera batean. (Utzitakoa)

Etxezabalan mahai ingurua eta Emakumeen Etxean rap feminista tailerra egingo dituzte. Gobernuz kanpoko erakundea da Calcuta Ondoan, 1999. urtean sortua.

Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundea Zarautzen izango da gaur arratsaldean, bi jarduera antolatu baititu herrian. Argentinako La Morera fundazioko kideekin elkarlanean antolatu dituzte hitzorduak; izan ere, bertako kideak Euskal Herrian daude pasa den igandetik, eta Calcuta Ondoanek haien bisita baliatu nahi izan du ekitaldiak antolatzeko.

Hain justu ere, Zarautzen gaur arratsalderako antolatutako jarduerak mahai ingurua eta rap feminista tailerra izango dira. Lehenengoa Etxezabala aretoan egingo dute, gizarte eragileekin batera, 10:00etatik 11:00etara, eta saio itxia izango da; hau da, ez da herritarrentzat zabalik egongo. Bigarren hitzorduan, aldiz, interesa duen orok parte hartu ahal izango du, Emakumeen Etxean izena emanda. 17:00etatik 19:00etara egingo dute rap feminista tailerra, Emakumeen Etxean bertan, eta jarduera guztiz doakoa izango da.

Kultura, feminismoa eta komunitatea uztartuko dituzte aipatutako bi saioek, eta, rap feministari dagokionez, Cordobako (Argentina) Mujeres Activando kooperatiba feministako buru Jessica Gonzalez La Jeka-k eskainiko du tailerra.

1999. urtetik lanean

Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundea da. 1999. urtean sortu zuten Gipuzkoan, eta onura publikorako aitortua da. Lide Serrano erakundeko hezkuntza teknikariak azaldu duen moduan, erakundeak, bere jardunaren barruan, nazioarteko lankidetzako eta laguntza humanitarioko proiektuak garatzen ditu zenbait herrialdetan. Esaterako, Indian duela 25 urtetatik egiten dute lan eta, Nepalen, Butaren eta Argentinan duela bi urte ingurutik. Lau herrialde horietan emakumeen ahalduntzeari, osasun integralari eta parte hartze politiko zein kulturalari lotutako proiektuak garatzen dituzte. Horiek emakumeei eta, bereziki, neska gazteei zuzenduak izaten dira.

Horrez aparte, herrialde horietako egoera Gipuzkoara ekartzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz, gizarte eraldaketarako proiektuak garatzen dituzte ikuspegi ekofeministatik. Gauzatzen dituzten proiektu guztiak hiru zutabetan oinarritzen dira: giza eskubideen aldarrikapenean, genero berdintasunean nahiz emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan, eta naturaren eskubideen defentsan.

Laguntzeko aukerak

Calcutan Ondoan elkartea lagundu nahi dutenek hainbat aukera dituzte: elkartearen buletina etxean jasotzea eskatuz, Bartzelonan edota Gipuzkoan duten boluntario taldean parte hartuz, edota ekarpen ekonomikoak eginez, calcutaondoan.org webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide