Martxoaren 17ko greba orokorraz hitz egiteko batzar irekia egingo dute gaur

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 17a

Musika Plaza.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba eguna deitu du martxoaren 17rako, eta mobilizazioa antolatzeko batzar irekia egingo dute. 18:00etan elkartuko dira, Musika Plazako kirol elkartean.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorra antolatzeko lehenengo batzar irekia egingo dute gaur, 18:00etan, Musika Plazan dagoen kirol elkartean. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako mobilizazioak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea izango du helburu.

Sindikatuek ohartarazi dutenez, patronalak uko egiten dio gutxieneko soldata propioa negoziatzeari, eta instituzioek ez dituzte aintzat hartu eragile sindikalek nahiz sozialek egindako eskaerak. "Nafarroako Parlamentuak ez du tramitera ere onartu gutxieneko soldata hemen finkatzeko Herri Ekimen Legegilea. EAEn EAJk eta PSEk bizkarra eman diote 140.000 pertsonek babestutako Herri Ekimen Legegileari, lehenago 150.000 sinadurekin gutxieneko pentsioa osatzeko aurkeztutakoarekin egin bezala", zehaztu dute.

Hori dela eta, greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako, batetik, Confebask eta CEN patronalak negoziatzera eser daitezen presio egiteko, eta bestetik, instituzioei exijitzeko gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzeko behar diren ekimen politikoak gauza ditzatela. Funtsean, soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa justuago baterantz bidea egitea lortu nahi dute greba orokorrarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide