eLiburutegia Eusko Jaurlaritzak Internet bidez liburu elektronikoak eta filmak eta ikus-entzunezkoak mailegatzeko sortutako zerbitzua da, euskarazko, gaztelaniazko eta beste hizkuntza batzuetako liburu elektronikoen bilduma zabala sortu, eta hazten eta gaurkotuz doana.
Bada, zerbitzu horren joan den urteko erabiltzaileen datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak udalerrika sailkatuta, eta Zarauzko datuak "oso onak" direla azaldu du udalak, "herrian dagoen irakurzaletasuna agerian jartzen dutenak". 2025ean, 5.000 biztanletik gorako udalerriak kontutan izanik, Zarautz hirugarren postuan dago eLiburutegiaren erabileran, mila biztanleko batezbestekoa 115,16 izanik.
Euskadiko liburutegien erabiltzaile aktiboak kontatzerakoan ere goikaldean da Sanz Enea. Hau da, eLiburutegia erabili duten erabiltzaileen edo mailegua egin dutenen kopuruaren arabera bosgarren da Zarauzkoa, Euskadiko hiru hiriburuen eta Irunen atzetik. Hain zuzen ere, 365 dira Zarauzko eLiburutegiaren erabiltzaileak. Gainera, zarauztarrek joan den urtean eLiburutegiaren bitartez egin zituzten mailegu kopurua 2.702koa izan zen, Euskadiko liburutegien artean hamargarren kokatuz. Iaz eLiburutegiak izan zituen erabiltzaile berriak zenbatzerakoan, berriz, Sanz Enea hamaikagarren postuan dago, 122 erabiltzaile berrirekin.
Irune Urbieta Kultura eta Liburutegiko zinegotziak adierazi duenez, “pozgarria" da zarauztarrek irakurketarekiko daukaten "grina argi erakusten duten datuak" ikustea. Eta zera gehitu du: "Urtetik urtera lanean jarraitzen dugu zarauztarrei Liburutegitik ematen diegun zerbitzua hobetzeko. 2026 honetan zerbitzuaren ordutegia zabaltzea erabaki dugu, herritarren erabilera ohitura eta gomendioak jarraituta".