Inauteriak 2026

Queen Alde Zaharrean barrena

Intza Trula 2026ko otsailaren 14a

Inauterietako IX. Konpartsa egin dute arratsaldean Zarautzen. Queen taldean oinarritutako ikuskizuna eskaini dute 300 dantzari inguruk, eta ikusmin handia piztu du emanaldiak.

Queen taldearen rock abestiak ozen entzun dira gaur arratsaldean Zarauzko Alde Zaharrean barrena. Adin guztietako 300 dantzari inguruk osatu dute Inauterietako IX. Konpartsa, eta kalerik kale ibili dira talde britainiarraren abestiak koreografia dotorez janzten.

17:30ean zuten aurreikusita desfilea, baina eguraldi txarraren ondorioz ordubetez atzeratu behar izan dute irteera. Denbora tarte hori, ordea, ez dute alferrik galdu dantzariek: musika jarri, eta entseatzen ibili dira Merkatu Plazan, kalera ateratzeko unea heldu zaien arte.

Ibilbidea Musika Plazan hasi dute, eta Alde Zahar guztia zeharkatu dute dantzan. Kale bazterrak, berriz, ikuslez bete dira, eta horietako batzuk konpartsako kideekin batera dantza egitera ere animatu dira. Ikuskizunak iraun duen bitartean zaparrada bat edo beste bota du, baina, oro har, ateri eutsi dio zeruak.

Gaur, larunbata

  • 21:00-00:00. Disko festa DJ Bon-ekin, Zinema pilotalekuan.
  • 23:00. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.

Bihar, igandea

  • 12:00. Kalejira, herriko kaleetan erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
  • 17:00. KIKO, KOKO eta MOKO pailazoen ikuskizuna haurrentzat, Musika plazan (euria bada, Zinema pilotalekuan).
  • 18:00. Disko festa nerabeentzat, Xaiborekin, Lege Zaharren enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide