Ezberdina izan da gaur Galtxagorrien Jaitsiera, eguraldiak baldintzatua izan baita. Espero bezala, euria gogotik egin du egun osoan zehar, eta, horren ondorioz, ikuskizuna Aritzbataldera lekualdatu behar izan du Jalgi dantza taldeak.
Hala eta guztiz ere, euskal mitologiako pertsonaiek ez dute hutsik egin Inauteriei ongietorria emateko ekitaldian: bertan izan dira, esaterako, galtxagorriak, gauargiak, lamiak, sorginak, Akerbeltz eta jentilak. Guztiak Mariren gidaritzapean ibili dira.
Pilotalekuko ia eserleku guztiak bete dituzte guraso zein lagunek, eta gogotik txalotu dituzte dantzari guztiak. Ekitaldiaren amaieran, gainera, harmailetatik jaitsi dira, azken dantzetan eta kalejiran parte hartzeko. Dantzaleku erraldoia bilakatu da pilotalekua une batez.