Inauterietako kartel lehiaketaren ondotik, Martxoak 8ko kartel irabazleen izenak zeintzuk diren jakinarazi berri du Zarauzko Udalak. Zehazki, Izaro Mariezkurrena pasaitarrarentzat izan da epaimahaiaren saria, eta beraz, bere ilustrazioak irudikatuko du Emakumeen Nazioarteko Eguna Zarautzen. Sariarekin batera, Mariezkurrenak 600 euroko saria jaso zuen Gloria Vazquez Zarauzko Berdintasun zinegotziaren eskutik.
Pasaitarrak azaldutakoaren arabera, morea da bere Elkarrekin Loratuz ilustrazioaren kolore nagusia; izan ere, egun horretako ikur "garrantzitsua" iruditzen zaio. Aldi berean, hainbat gorputz eta jatorritako emakumeak islatu nahi izan ditu bere lanean, elkartasuna irudikatzeko. Emakume horiek egiten ari diren keinuak ere aipatu ditu: "Batzuk eskua begi parean dute, eta horrekin kontatu nahi izan dut emakumeek badutela munduari begiratzeko modu bat, eta badaudela aldi berean emakumeoi begiratzen gaituzten modu konkretuak ere". Hori guztia naturaren barruan kokatzen saiatu da Mariezkurrena, lorez inguratuta. "Orokorrean, nire ilustrazio guztiak oso loretsuak izaten dira, eta honek ezin zuen salbuespena izan", kontatu du. Ilustratzailea izanik, "duela urte asko" beste hainbat lehiaketetara aurkeztu izan dela azaldu du epaimahaiaren sariaren irabazleak. Alabaina, lehen aldia du Zarauzko Martxoak 8ko kartel lehiaketara aurkezten. "Aurten denbora libre gehiago izan dut, eta plazeretik atera zaidan zerbait izan da. Horrelakoetatik gauza politak atera daitezke", kontatu du.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzi eta kartel lehiaketako epaimahaiburuak azaldu duenez, Mariezkurrenaren lanetik, "sororitatea eta aniztasuna" dira nabarmentzeko elementuak, Emakumearen Nazioarteko Egunak izan behar duenaren "erakusgarri".
Kartel apurtzailea
Bere aldetik, Esti Irisarri gasteiztarrarentzat izan da publikoaren saria, bere Berdintasuna askeren bidez lanak Facebook bidez boto gehien eskuratu ondoren. Ofizioz irakaslea bada ere, beti atsegin izan du artea. Kirolzalea ere bada gasteiztarra, saskibaloi jokalaria, zehazki, baina iaz istripu bat izan ondoren bilakatu zen artea ihesbide.
Bide horretan sortu zuen Zarauzko lehiaketara aurkeztutako lana, eta bertan hainbat elementu uztartu nahi izan ditu. Horietan nagusienetako bat da mugikorrarena. Bere esanetan, emakumeek "arazoak dituzte digitalizazio munduan askeak izateko, edertasun kanon zehatz batzuk bete behar izaten direlako, besteak beste". Arau horiek apurtu behar direlako marraztu du mugikorra hautsita.
Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, guztira 37 proposamen aurkeztu dituzte aurtengo Martxoaren 8ko kartel lehiaketara, eta dagoeneko lan guztiak ikus daitezke Emakumeen Etxean, bere ohiko ordutegian, martxoaren amaierara arte.