5.100 kilo material bildu du Saharautzek

Mireia Galarza Bastida 2026ko otsailaren 12a

Jasotako material guztia. (Saharautz)

Jasotako material guztiarekin "oso pozik" daude Saharautzeko kideak, eta azaldu dute datozen asteetan bideratuko dutela guztia Tindufeko kanpalekuetara.

Saharautz Elkartasun Taldeak asteburuan egin du Sahararako Elkartasun Karabanarako janari-bilketa, eta guztira, 5.100 kilo janari eta konpresa bildu dituzte. Aurrez Zarauzko eta Getariako ikastetxeetan ere egin zuten bilketa.

Horren aurrean, Saharautzeko kideak "oso pozik" agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin, eta "bereziki" azpimarratu nahi dute ikastetxeetako zuzendari, irakasle, guraso eta ikasleen inplikazioa. Horretaz gain, herriko saltokiek emandako erraztasunak eskertu nahi ditu Saharautzek, baita Zarauzko Udala ere, horiek emandako 9.000 euroko diru-laguntzagatik. Gainera, janari bilketan lagundu duten boluntarioen kopuruak gora egin dutela jakinarazi dute elkarteko kideek, eta hori "oso pozgarria" dela beraientzat. Haien esanetan, jasotako guztia datozen asteetan bideratuko dute Tindufeko kanpalekuetara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide