Sei domina eskuratu dituzte Lizardiko judokek azken kirol probetan

Mireia Galarza Bastida 2026ko otsailaren 11

Judokak, asteburuan. (Lizardi judo kluba)

Urrezko domina bat, zilarrezko beste bat, brontzezko lau eta bi bosgarren postu eskuratu zituzten asteburuko txapelketan. Emaitza horiekin, Lizardi Zarautz judo klubak bere "harrobiaren une ona" azpimarratu nahi izan du. 

Legazpiko (Gipuzkoa) Urbeltz frontoian jokatu zuten joan den larunbatean kadete mailako Nazioarteko Judo Txapelketa. Espainiar Estatuko hainbat kirolari bildu zituen hitzorduak, baita Andorrako eta Frantziako kirolarik ere. Zarauzko Lizardi judo klubeko zortzi kirolarik parte hartu zuten bertan, eta bertan, sei domina eta bi bosgarren postu eskuratu zituzten. 

Zehazki, emakumezkoen kategorian, sei judokek parte hartu zuten, eta emaitza azpimarragarriak eskuratu zituzten horietako hainbatek. 70 kiloz azpiko kategorian Isabela Avilak urrezko domina eskuratu zuen, eta pisu berean, Will Pazosek brontzea. 70 kilo baino gehiagoko lehian, berriz, Maider Ojedak brontzezko beste domina bat ere lortu zuen. 44 kiloz azpiko taldean, bere aldetik, Itxaso Manzanasek bosgarren postua eskuratu zuen; emaitza bera lortu zuen Irati Aramendik 57 kiloz azpiko taldean. Azkena aipatutako pisuan, Johana Floresek brontzezko domina irabazi zuen.

Gizonezkoen kategorian ere Zarauzko klubeko judokak podiumera igo ziren. 81 kiloz azpiko mailan, Martxel Eizagirrek brontzezko domina lortu zuen, eta 90 kilo baino gehiagoko lehian Iñaki Goenagak zilarrezko domina eskuratu zuen. Emaitza horiekin, Lizardi Zarautz judo klubak bere kadete mailako "harrobiaren une ona" azpimarratu nahi izan du, puntu garrantzitsuak batu baititu Euskadiko sailkapenean, hurrengo Espainiako Txapelketan parte hartzeko helbururantz beste urrats bat emateko. 



Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide