Inauteriak 2026

Mozorroak, eskulturak balira bezala

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 11

2024an, Harry Potter filma irudikatu zuten. (Utzitakoa)

Lagun talde bat maskara ikusgarriekin mozorrotu da urteotan Zarautzen. Hainbat sari eskuratu dituzte. 

Urteak dira Zarautzen kuadrilla bat maskara ikusgarriekin mozorrotuta kalera ateratzen dela inauterietan. Akaso, jendeak ez du jakingo mozorro horiek lagun taldeak berak eskuz eginak izaten direla eta sekulako lana hartzen dutela karakterizazio horiek prestatzeko. Baina mozorro berezi horien atzean hezur-haragizko pertsonak ezkutatzen dira: Leire Ruiz, Oroitz Unzueta eta Igone Usandizaga. Horiek dira urtean zehar mozorroak prestatzeko lanetan aritzen direnak, nahiz eta gero jende gehiago batu ohi zaien planera. Zarauztarrak dira hirurak, "zoro samarrak" agian, eta aurtengorako ere badarabilte zerbait esku artean. Ruizek eta Unzuetak eman dituzte azalpenak. 

Ruiz makillatzailea da eta Unzueta aktorea, eta seguru asko izango du horrek zerikusirik lagun taldearen izaera "karnabaleroan". 2023an izan zuten aurreneko ideia indartsua inauterietarako: Eraztunen jauna filmeko munstroz jantzi ziren. Ruiz bere negozioa martxan jartzen ari zen orduan, zinema eta efektu bereziak uztartzen zituena, eta bazeukan gogoa inauterietan karakterizazio bereziren bat egiteko. "Lagunei esan nien: 'Zerbait handia egin behar dugu!'. Eta hauek denera animatzen direnez...", gogoratu du. Lan handiena lehen urte hartan hartu zutela adierazi du Unzuetak: "Izan ere, gure buruen moldeak atera behar genituen". Halako karakterizazioak egiteko, mozorrotuko den pertsona bakoitzaren aurpegiaren moldea behar izaten dutela kontatu du Ruizek. "Behin molde hori eginda daukazunean, urtero erabil dezakezu, baina lehen urtean, sekulako lana hartu genuen. Agian, sei hilabete emango genituen molde horiek prestatzen", gogoratu du. "Urte hartan moldeak egiteko materiala hartuta joan ginen oporretara ere", erantsi du Unzuetak barrez. 

Mars Attack filmeko martzianoz mozorrotu ziren iaz. (Utzitakoa)

Behin molde horiek sortuta, urtero horien gainean lan egiten dute, material ezberdinak baliatuz. "Molde hori plastilinarekin edo buztinarekin modelatzen duzu; azken finean, eskultura lana da. Eta, gero, silikonarekin edo latexarekin, maskara bera egiten da", kontatu dute. Prozesua kuriosoa dela diote: "Oso itogarria da moldea ateratzeko aurpegian pasta jartzen dizuten momentua. Lehortzeko ordubete baino gehiago behar du materialak, buru guztia aurretik eta atzetik masa batekin tapatuta izan behar duzu, bi zulo txiki bakarrik dituzula". 

Lehen urte hartan, sekulako lana hartu bazuten ere, ez zuten irabazi herriko mozorro lehiaketa. "Hirugarren saria jaso genuen. Pentsatu zuten erositako maskarak zirela". Epaimahaiko kideei orduan kontatu zieten zer-nolako lana hartu zuten mozorroak prestatzeko, eta ordutik aurrera, bai, eskuratu izan dituzte sari gehiago: lehen saria lortu zuten Harry Potter irudikatu zutenean, eta hirugarrena Mars Attack filmeko martzianoz mozorrotu zirenean. 

Egun bakar baterako halako lana hartzeko, lanerako prestutasuna ezinbestekoa dela esan dute. "Urtean zehar lagunarteko bilkurak egiten ditugu, bazkari edo afariak, lanerako gelditu... Eta, noski, egunean bertan lotsa alde batera utzi eta atentzioa emateko prest egon behar duzu". Lehiaketara aurkeztu diren guztietan irabazi dute sariren bat, baina nabarmendu dute sekula ez diotela lehentasunik eman kontu horri. "Lehenengo mozorroa pentsatzen dugu, eta azken momentuan norbaitek esan izan du: 'Izena emango al dugu?'". Halaxe animatu izan dira azken urteetan. Beraz, argi dago lehentasunik handiena gozamenari ematen diotela.

Larunbatean Zarautzen eta hurrengo egunean Tolosan (Gipuzkoa) mozorrotu ohi dira, eta han ere sekulako arrakasta izan ohi dute beren mozorroek. "Lehen urtean parrandarako asmoz joan ginen, baina gainontzeko urteetan jendearekin argazkiak ateratzen pasatu izan dugu denbora gehiena". Izan ere, "jendea txundituta" gelditzen dela adierazi dute. 

Aurten, lasaiago

Aurten esku artean zer duten galdetuta, normala den bezala, ez dute ezer aurreratu nahi izan. Lehiaketan izena eman edo ez zalantzan daudela adierazi dute, ez dutelako azken hiru urteetan bezalako lanik hartu 2026. urteko inauterietarako. "Nik uste dut aurten kuadrilla batzuk gustura egongo direla", esan du Ruizek. Unzuetaren arabera, jendea etorri izan zaie lehiaketan izena eman behar duten ala ez galdezka. "Baietz esaten badiegu, 'kaka zaharra' erantzuten digute. Irabazteko aukera gutxiago dutela pentsatzen dute". Biek nabaritu dute urtetik urtera indarra hartzen ari dela Zarautzen inauterietako mozorro eguna, eta gero eta "maila hobea" egon ohi dela.

 

2023an, Eraztunen jauna filmeko munstroz jantzita. (Utzitakoa)

Mozorroak xehetasun guztiekin prestatzeko, "sekulako lana" hartu bakarrik ez, "sekulako dirutza" ere gastatzen dutela nabarmendu dute. Hiru urtez jarraian dena eman dute mozorroen alde, baina aurten, kontua "lasaiago" hartzea erabaki dute. "Zaila da urtero denak animatzea, ekonomikoki denak ondo egotea, gelditzeko prestutasun hori edukitzea... Aurten ez dugu azken urteetan bezalako muntaketarik egingo, baina, berdin-berdin, ondo pasatuko dugu", dio Ruizek. Horri alderdi on bat ere bilatu dio Unzuetak: "Aurten ez dugu maskararik eta horrelakorik jantziko. Aurten, azkenean, garagardoa lastotxorik gabe edan ahal izango dugu", bota du barrez. 

Erakusketa, Arkamin

Urteotan egin dituzten karakterizazioak ikusgai daude Arkami galerian prestatu duten erakusketan. Beren mozorroak ez ezik, Ruizen makillatzaile lanaren zertzeladak ere jaso dituzte han. Gehiago jakiteko grina piztu zaionak, beraz, badaki nora jo. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide