Eulen Amenabar gizonezkoen txirrindularitza taldekoak Behe Nafarroako eta Zuberoako mendateetan ibili dira lehian, Essor Basque txapelketako bigarren asteburuan. Ostiralean Oxkaxeko igoera, Usategiko igoera eta Iparlatzeko igoera bikoitzak izan zituzten, eta eguneko ihesaldian parte hartu zuen Lohann Vuillez taldekideak. Amaieran berriz osatu zen tropela, eta bertan iritsi ziren Zarauzko txirrindulariak. Mateo Vierge izan zen onena, 26. postuan sailkatuta.
Larunbatekoa izan zen jardunaldi garrantzitsuena, Donazaharre eta Gamiako Lepoaren artean, Nafarroa Behereko mendate klasikoa lau aldiz igo behar zuten, eta Igor Iriarte Sanzek eta Mateo Viergek maila aparta eman zutela azaldu du talde zarauztarrak, azken aurreko igoeran erasora pasa zirelako biak elkarrekin. Buruz buruko lehiaren ondoren, Vierge 20.postuan eta Iriarte 21. postuan helmugaratu ziren.
Asteburuko azken jardunaldia, ohi bezala, Maule-Lextarren jokatu zuten, giro oso txarrarekin. Tropela zatituta, 40 txirrindulariko talde batek egin zuen aurrera, eta han ibili ziren Unax Betelu Mencia, Quentin Ospital, Mateo Vierge, Lohann Vuillez eta Unai Zurita Gutierrez taldekideak. Mauleko helmugan Ospital izan zen Eulen Amenabarreko azkarrena, 28. postuan helmugaratuta. Jardunaldi horrekin amaitu da Essor Basque lehiaketa.
Hurrengo txapelketa prestatzen
Behin Essor Basque txapelketa amaituta, gizonezkoen taldea Euskaldun Txapelketa prestatzen hasiko da. Zumaiako Sariarekin hasiko da lehiaketa hori, eta han onenen artean borrokatzeko helburuarekin lan egingo dute orain txirrindulariek, taldeko arduradunek azpimarratu dutenez.