Berritze lanak amaituta, zabaldu dute autobideko ordainlekuetako bat

Intza Trula 2026ko otsailaren 9a

Zarautz ordainlekuan oraindik obretan dagoen zatia. (Mireia Galarza Bastida)

Bide zati bat konpondu, eta hori teknologia berriez hornitu dute. Zarautz ekialdeko ordainlekua da berritu dutena, eta gaur zabaldu dute.

Autobideko ordainlekuan berritze lanak egiten ari da Bidegi, eta gaur bertan zabaldu du horietako bat. Zehazki, Zarautz ekialdeko ordainlekuan bide bat konpondu dute, eta hori teknologia berriez hornitu dute: markesinak eta igarobideak ordezkatu dituzte, eta arku berria ere instalatu dute.

Hala, orain erabiltzaileek Abiatu eta Via-T gailuak erabili ditzakete bertan, gelditu beharrik gabe. Era berean, telefono mugikorraren, erlojuaren edo banku txartelaren bidez kontakturik gabe ordaindu daiteke; hala eta guztiz ere, eskudirutan ordaindu ahal izateko makina bat ere badago. Gainera, bide berriak matrikula irakurtzeko kamerak eta sentsoreak ditu ibilgailu mota bereizteko, baita erabiltzailearen eta operadorearen arteko komunikazio mekanismo bat ere.

Zarautzen bide bat berritu du Bidegik, eta Oiartzunen beste bi konpondu ditu; orain, bi ordainleku horiek konpontzen jarraitzea da asmoa. Orotara, Bidegi 7,5 milioi euroko inbertsioa egiten ari da aipatu bi herrietako ordainlekuetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide