Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak neguko arropa eta mantak bildu ditu egunotan Lege Zaharren enparantzan. Atzo arratsaldean eman zioten hasiera egitasmoari, hain justu, eta gaur eguerdira arte egon dira plazan, materiala jasotzen.
Besteak beste, mantak, lo zakuak, bufandak, gizonezkoen arropa eta neguko zapatak bildu dituzte, kale gorrian bizi direnei laguntzeko asmoarekin.
Izan ere, sindikatuak gogora ekarri du Gipuzkoan, 1.700 lagun baino gehiago daudela kalean, eta EAEn 4.000tik gora direla etxebizitza alternatibarik gabe daudenak. Errealitate hori "ezkutuan" geratu ohi dela azpimarratu dute, eta ezinbestekotzat jo dute "jendea etxerik gabe uzten duen etxebizitzaren negozioaren aurka antolatzea".